Gaztelekua

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

Batzuentzat oporraldia hasi besterik egin ez den honetan, gaztelekuak bukatu egin du bere udaldia. Motza egin zaigu guri behintzat lau asteko eskaintza hau, motza, baina batez ere intentsoa!

Udari, elgoibartar askok bezala, Sallobenten eman genion hasiera, Ekigain festan, sutara ahaztu nahi duguna botaz eta "txarra kanpora, ona barrura" behin eta berriz errepikatuz. San Lazaro egoitzan egon ginen, gure nagusiekin, elkarrekin eskulanak eginez eta urteek eman ohi duten esperientziak jaso eta gure freskotasuna eskainiz. 2005ean jaiotakoei ere ongi etorria eman diegu, irailetik aurrera gurekin izango direnekin elkartu eta zerbitzua ezagutarazteko. Egin ditugu eskulanak, sukaldean gozatu, musikarekin bibratu eta udako abestiak dantzatu, pelikulak ikusi, eta Castronegroko otsoa nor den asmatu...

Uda, urtean zerbait bada, bidaia da. Eta garai honetako bidaia Tarragonan jarraitu genuen, gaztelekuko nagusienekin Mediterraneoko beroaz eta itsasoaz gozatuz. Elkarrekin gosaria, bazkaria eta afaria prestatu genituen beti umore onez! Tarragonako erromatar garaiko txoko ezberdinak ezagutu genituen eta Port Aventurara joan ginen. Izenak berak dioen bezala, ederra abentura! Ez ditugu Dragon Khan, Shambala eta Huracan Condor-eko garrasiak eta irribarreak erraz ahaztuko (ezta bertako kamerek ateratako argazkietan agertzen ziren gure aurpegi eta keinuak ere). Tutuki Splash eta Silver River Flumeko ur zaparradetan botatako irrintzien oihartzunak, oraindik ere bertan entzungo direlakoan gaude. Hondartzan, uretatik atera gabeko hiru orduen osteko atzamar zimurtuak eta lehen gauean hondartzan nahi gabe jausi eta bustitako arropa ere ez ditugu ahaztuko. Parrillada eder batekin egin genuen azken afaria, ederra benetan, gure terrazatxoan, elkarrizketa sakonak izateko giro apartean. Eta parrilako suaz gain, beste mota bateko "Sua" ere ezagutu genuen, uda honetan gure artean izar bihurtu den mahai jokoa.

Port Aventura

Azken urteetan arrakasta izan duen Arcachon-eko ur parkean ere izan ginen, eguraldiak hasiera batean lagunduko ez zuela bazirudien ere, irribarrez, bertako txirrista, olatu eta tauletan uraz gozatuz, eta lortu genuen eguraldiari ere umorea aldatzea!

Gaztetxoenekin Askizura joan ginen lau egunetarako, etxetik gertu ere paraje ederrez gozatzera. Ur jolasak, eta ura ez zen beste hainbat osagairekin ere jolastu genuen, paddle surf taulan oreka mantendu eta kayak-ean saskibaloi inprobisatuan ere ibili ginen. Arraun eta olatu artean, pasa genituen egunak, ur gaziz inguraturik, baina giro gozoan. Hainbeste maite ditugun gaubeletan, sardinak latan bezala ezkutatu ginen eta elkarri hitz politak oparituz borobildu genuen egonaldia.

Askizu1

 Mari, inkisidore, sorgin, kuxkuxero, Mikelats edo herritar, berdin izan du uda honetan zein pertsonai izan, denok ikasi dugu jolas giroan nor garen ezkutatzen, benetan nor garen ahaztu gabe. Denok saiatu gara Toni Karatxo nor zen asmatzen eta hitz debekatuak zituzten ping pong pilota eta zapietatik ihes egiten.

Tarragona, Arcachon, gaztelekua, San Lazaro edo Askizu. Berdin du zein toki, zein leku, txoko guztiak egin baitituzue zuek berezi.

Gaztelekuak ateak itxi ditu irailera arte, baina guk tarte batez hemen jarraituko dugu, ateak itxita bada ere, lanean, irailean berriz elkar ikusteko gogoz.

Eskerrik asko uda ikaragarri honengatik. Kolosala izan da!

 

-Gaztelekuko hezitzaileak-

 

P.D. irailaren 8an ikusiko dugu elkar ezta? Iraileko goranzko aldapa, aldapa behera izan dadin, Maalan elkartuko gara trikitixa soinuz inguratuta, gure hamargarren urteurrena ospatzen.

Gida komertziala

Gida komertziala 2017

 

GUREAN.EUS

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza