Elgoibarko Izarra

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

 imagjinarioa elgoibar izarra 5.saioa orokorAzkena! Honekin emango diogu amaiera Gure imajinarioa kantagintzaren bitartez ikastaroari. Gotzon Barandiaranen eta Rafa Ruedaren eskutik helduta ibili gara azken bost asteetan (eskerrik asko, bioi!), eta euskal idazle eta musikarien artean sortutako kantagintza ikusi eta aztertu dugu. 

Joan zen asteko kanta bat irakurriz ekin dio Gotzonek azken saioari. Xabier Amurizak idatzi eta Imanolek kantatzen duen Mendian gora kanta, hain zuzen ere. Derrota kolektiboaren ideia irten da, berriz ere. XX. mendeko poesian derrota hori oso barneratuta dagoela esan digu Larrabetzuko idazle-musikariak, baina ez dela negarra eragiteko idazten. Amurizak, hala ere, kanta horretan, penak alde batera laga eta pozari kantatzeko eskatzen die euskal poetei. Kantaren azterketari amaiera emateko, Gotzonek gogoetarako gai hau laga digu: “Batzuetan pentsatzen dut gure herriak ez duela nahikoa negar egin, batzuen iritziz beti negarrez bagaude ere”. 

imagjinarioa elgoibar izarra 5.saioa 2ak

    • Sarrera txiki horren ondoren, azken saioko lehen kantari heldu diogu: Non duzu zauria. Pello Lizarraldek (Zumarraga, 1956) idatzi eta Balerdi Balerdi taldeak kantatzen duena (ikus letra). Lizarraldek letra asko idatzi ditu Iruñeko musika-taldearentzat, eta Zumarragako idazlearentzat istorioak ez dauka garrantzirik; nola kontatzen duzun da garrantzitsua. Haren testuetan ematen du ez dela ezer gertatzen, eta kontatzeko moduan zentratzen da. Gotzonen esanetan, Balerdi Balerdi taldeak kantatzeko beste estilo bat ekarri zuen euskal kantagintzara; haien kantak ez dira kantatzeko errazak. Amaitzeko, detaile bati erreparatzeko eskatu digu: orain arteko poesia eta kantetan GU izenordea izan bada protagonista (komunitateari edo taldeari kantatzen zitzaion), 90etik aurrera hori aldatzen hasiko da, eta ZU hasiko da protagonismoa hartzen. Hori argi ikusi dugu aztertzen dihardugun kantan.
    • Bigarren kanta Xabier Montoiaren (Gasteiz, 1955) Argiaren etorrera da. 1995ean idatzi zuen testu hori Montoiak, eta kritika latza egiten dio orduko gizarteari. Garai hartako burgesiaren kontra egiten du Gasteizko idazle-musikariak. Rafa Ruedaren iritziz, Montoia idazlea da, batez ere, baina musikari ere bada, eta bera izan zen Hertzainak taldeko lehen kantaria, denbora luzez jardun ez bazuen ere. Punk musika modan jartzen hasi zenean Montoia Londresen egoten zen, eta Ruedaren esanetan, berak ekarri zuen musika-mota hori Euskal Herrira. Gotzonen iritziz, Montoiak beste era batera idazten du; gordin azaltzen du esan nahi duena, eta asko lantzen du ironia (elementu ezezaguna, ordura arteko euskal kantagintzan). Amaitzeko, Gotzonek esan digu Montoiak ez duela bere kanten gaineko azalpenik ematen, eta ez dugula ikusiko bere liburu edo disko bat aurkezten.
    • Gaur euria egin du izan dugu hurrengo kanta. Jose Luis Otamendirena (Azpeitia, 1959) da, eta Deabruak teilatuan taldeak kantatzen du. Iñigo Aranbarri idazlearen ustez, Otamendi lainotasunaren poeta da. Sentimenduen erroetara doa eta benekotasuna lantzen du. Otamendiren poesietan NI da protagonista, eta norbanakoari ematen dio garrantzia. Baita bikoteari eta maitasunari ere. Poesia zintzoa da; min ematerainoko zintzotasuna dago lerroetan, Aranbarriren iritziz. Gotzonen esanetan, Otamendik bere bide propioa egin du euskal poesiagintzan; lirikotasuna landu du, batez ere, eta hori dena ondo baino hobeto azaltzen omen da irakurtzeko gomendatzen digun Kapital publikoa (Susa) liburuan.
    • Laugarren kanta eibartar batena da: Asier Serranoren (Eibar, 1975) Bada hiri gorri bat. Lubaki bandako kidea izan zen Serrano eta Lorelei musika-taldea sortu zuen, Mikel Gorosabel Nortonekin batera, bakarkako ibilbideari ekin aurretik. Gotzonek esan digunez, Bada hiri gorri bat poema-liburua metafora bat da; errealitateko elementuak hartu eta existitzen ez den mundu bat sortu nahi du eibartarrak bere poesietan. Serrano eta Lubaki bandakoak aurreko belaunaldikoei kontra egiten saiatu ziren; erreferente modernoagoak aukeratu zituzten, eta lehendik zegoena apurtzen saiatu ziren. Bada hiri gorri bat kantaren letrari erreparatuta, oso testu zaila dela esan digu Gotzonek, eta galdera bat ere bota du airera: Zenbat jendek ulertzen zuen zer esan nahi zuen kanta horrek?! Zeini kantatzen zion Loreleik?! Hala ere, taldeak estimazioa eta jarraitzaile asko izan zuen bere garaian. Zergatik, testuak ulertzen ez baziren? Estetika izan daiteke? Egiten zuten musikarengatik izan zen?
    • Eibartik Azkoitira joan gara hurrengo kantan, eta Anariren (Azkoitia, 1970) Minaren funtsa kantarekin topo egin dugu. Jon Maiak (Urretxu, 1972) idatzitako testua da, eta Gotzonek esan digun moduan, alde handia dago 70eko hamarkadako poesiarekin alderatzen badugu. 90ean, aurreko saioko kronikan esan genuen moduan, aldarrikapenei lotutako kantek behera egin eta iradokizun-kantak hasi ziren nagusitzen. Sentimenduak nagusituko dira poesietan, eta ez zaio irakurleari (edo entzuleari) jarrera bat eskatuko. Anariren kanta honetan ZU eta NI dira protagonistak, baina, batez ere, NI, NI eta ZU. Gotzonek azpimarratu digu Anari dela euskal kantarien artean oihartzun handiena duenetakoa, eta ideologikoki ere jarraitzaile gehien dituela Azkoitiko kantariak. Hona hemen Minaren funtsa abestia, Rafa Ruedaren ahotsean.

 

Denbora aurrera doa, konturatu gabe, eta kanta asko geratzen zaizkigu oraindik paperean. Bosgarren martxa sartuta begiratu diegu, ezinbestean, hurrengo testu eta kantei.

  • Etorbide profesionala Koldo Izagirrek (Pasaia, 1953) idatzia da eta Joseba Tapiak (Lasarte-Oria, 1964) kantatzen du. Aspalditik dihardute Izagirrek eta Tapiak elkarrekin lanean, eta esku artean daukaguna musikarien eta kulturgileen ofizioaren aldeko kanta da. Sortzaileak kontuan hartuta idatzitako kanta da, eta, bertan, kulturgileen edo sortzaileen dekalogoa planteatzen du Izagirrek. Besteak beste, “ez dut joko sekula jotze aldera”, “ez dut joko inoiz belauniko” edo “ez dut joko inoiz maite ez banaute” dio, berak sortzaileen mundua zelan bizi duen azaltzeko.
  • Munduari begiratzeko gure hizkuntzaren gainean diharduen kanta da, euskara berba inon aitatzen ez bada ere. Kirmen Uriberena (Ondarroa, 1970) da letra eta, besteak beste, Rafa Ruedak ere kantatzen du.
  • Joseba Sarrionandiak (Iurreta, 1958) idatzi eta Ruper Ordorikak (Oñati, 1956) kantatzen duen kanta bat izan da entzun dugun azkena: Ibaia. Sarrionandiak bereziki egin zion Ruperri kanta hori 2006an, eta Gotzonek nabarmendu digunez, alde handia dago Sarrionandiaren hasierako poesiarekin konparatzen badugu. Erbestearen gainean dihardu Sarrik testu horretan, eta Gotzonek azpimarratu digunez, Sarrik ez du berba bat bera ere alferrik idazten. Horren adibide dugu testuan azaltzen den “ur uherra”. Ibaizabal ibaiko ura ez ezik, garai hartako egoera ere deskribatzeko erabiltzen du ur uherra iurretarrak. 

•Gaur egun zeri kantatzen diogu?

Bukatzera goaz. Ez daukagu denbora gehiago. Baina argiak itzali aurretik, euskal idazleen eta musikarien arteko bikoteak mantentzen direla esan digu Gotzonek. Aurrerantzean ere idazleek eta musikariek uztarri bera partekatzen segituko dutela. Baina, esan digu baita ere, gauzak asko aldatu direla. Kantagintzaren funtzioa asko aldatu dela; eta estetika ere bai. Eta musika kontsumitzeko modua ezberdina dela; gaiak bestelakoak direla; kantagintzako subjektua aldatu egin dela. Eta ikastaroari galdera batekin eman dio amaiera: Gaur egun zeri kantatzen diogu? Zein da kantatzeko eta idazteko motiboa? 

Gotzonen asmoa saioa galdera horrekin amaitzekoa bazen ere, antolatzailetako batek azken mesedea eskatu dio. Izan ere, 50 kanta inguru entzun eta aztertu ondoren, bidezkoa begitandu zaigu bere kanta bat eskatzea. Eta eskean gabiltzanez, Eskean kanta eskatu diogu. Hasieran harridura-aurpegia ipini badigu ere, animatu da eta ondo baino hobeto kantatu digu, Rafaren eta Nerearen laguntzarekin. Honen segidan dago une hori jasotzen duen bideoa. 

 •Amaitzeko

Etxerako bidea hartu aurretik, pare bat ardo-botila zabaldu ditugu, eta beste horrenbeste patata-tortillari ere kendu diegu albal papera, ardoak kalterik egin ez diezagun. Zutik gaudela esan eta entzun ditugu azken berbak: gustura egon garela; transmisioarekin asmatzea ezinbestekoa dela; literaturaren etorkizuna ez dagoela batere argi; hori gizakia belarriekin sortu zelako dela; aisialdiko orduak yoga edo kirola egiteko baliatzen ditugula ... 

Gotzoni eta Rafari eskerrak eman ondoren itxi ditugu Kultur Etxeko ateak. Pozik. Zabalduko ditugu, berriz ere, datorren urteko udazkenean, Gotzon Garate zenaren oroimenez.

  1. Lehen saioko kronika
  2. Bigarren saioko kronika
  3. Hirugaren saioko kronika
  4. Laugarren saioko kronika

imagjinarioa elgoibar izarra 5.saioa jaten2

 

 

GUREAN.EUS

 

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza