Elgoibarko Izarra

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

euskal kantagintza ikastaroa elgoibarZein garrantzia du gure kantagintzak euskaldunon imajinarioan? Zein zen kantagintzaren funtzioa duela 50 urte? Eta gaur egun, XXI. mendean, zein balio ematen diogu herritarrok kantagintzari?

Gure kantagintzaren historian nork, zeri, zergatik eta zertarako kantatu dion hausnartzea da Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak eta Elgoibarko Udalak elkarlanean antolatu dugun ikastaroaren funtzio nagusia. Ikastaroaren gidariak Gotzon Barandiaran eta Rafa Rueda izango dira; idazlea eta musikazale amorratua lehena, eta abeslaria eta gitarra-jotzailea bigarrena.   
Korruan eseri ginen ikastaroan izena eman dugun 16 lagunak. Erdian, euskal idazleen eta musikarien artean sortutako kantagintzak izan duen garrantzia ikusteko, 60 disko eta liburu inguru zituen mahaia. Izkina batean, berriz, Rafa Rueda bere gitarrarekin, aulki batean eserita. Antolatzaileek ongi-etorria egin ondoren, Gotzon Barandiaranek hartu zuen hitza.

Lehen saioan gure poeta eta musikariek Euskal Herriaren historiako hainbat gertakari gogoangarriri (Orreagako Gudua, oinaztar eta ganboatarren arteko borrokak, Amaiurko gazteluko konkista, edo Martin Larralde Bordaxuriren tragedia) zelan eta zergatik kantatu zioten aztertuko dugu. Eta ikusiko dugu idazle eta musikariek mende asko lehenago gertatutakoak euren garaian gertatzen ari zenari buruzko gogoeta egiteko baliatu zutela. Baina ez zuten gertakari haien kronika historikoa egin; beste zerbait esateko eta, gehienetan, eskatzeko baliatu zituzten gertakariok”.

Hala ere, kantuekin hasi aurretik, bi atariren berri eman zigun Gotzonek. Euskal idazleak eta liburugintza daude jasota armiarma.eus atarian, eta musikaren mundua badok.eus-en. Biak ere ezinbestekoak euskal literatura eta musika aztertu edo ezagutu nahi duenarentzat. Atarien egiturak eta osagaiak labur-labur azaldu ondoren, Gotzon isildu eta Rafaren gitarra eta ahotsa hasi ziren gure belarriak gozatzen.  

  • Orreaga izan zen Rafak kantatu zigun lehen kanta. Xabier Iratzederrek idatzi eta Benito Lertxundik kantatzen duena. Orioko bardoaren ustez, euskal kantagintzari epika falta zitzaion. Epika herri bat goratzeko izaten da, eta horregatik kantatu ditu gatazkak, guduak edo borrokak. Iratzederrek 1965ean idatzi zuen Orreaga testua, bataila horren gainean ez zegoelako ezer ere idatzita. Ez da gertatutakoaren kronika, eta funtzioa jendea interpelatzea da. Jendearen jarrera aktiboa sustatzen ari da olerki horrekin. Euskaldunok irabazi dugun bataila bakarra da, bai, Orreagakoa, baina zergatik ez dugu besterik irabaziko? Nahiz eta derrota kolektiboaren sentsazioa oso zabalduta egon euskaldunon artean, ez zen negar egiteko poesia, gure herriari gorazarre egiteko baizik.
  • Oinaz eta Ganboa izan zen bigarren kanta. Gabriel Arestik idatzi eta Oskorrik kantatu duena. Aspaldiko beste gertakari historiko bat daukagu esku artean (leinuen arteko gatazka), gehiegi aldatu ez den egoera bat azaleratzeko: klase sozialen arteko borroka, alegia. Bostehun urte pasa ondoren, Arestiren esanetan, “sua eta ura ezin nahas daitezke”: aberatsek eta langileek borrokan jarraitzen dutela, alegia. Aresti, Gotzonen esanetan, abertzalea eta ezkertiarra izan zen, klase borrokari kantatu ziona, eta gehien kantatutako idazleetako bat izan da bilbotarra.
  • Hirugarren kanta Amaiur gaztelu baltza izan zen, Lauaxetak idatzi eta Antton Valverdek kantatu duen olerkia. Amaiurko gazteluak 1522an izan zuen setioaren gainean idatzi zuen Lauaxetak, eta kantatzen lehena Valverde izan bazen ere, gerora beste batzuek ere kantatu zuten Lauaxetak bizkaieraz idatzitako olerkia: Imanol, Hibai Rekondo, Petti...  Lauaxeta poeta zen, EAJren komisario politikoa, eta euskal nortasuna berpizteko idazten zuen. Aktibista politikoa zen, Gotzonen esanetan, eta poesia epikoa eta tremendoa idazten du (dana emon behar jako maite dan askatasunari). Kanta horretan ere derrota kolektiboa azaltzen zaigu. Amaitzeko, Gotzonen esanetan, Lauaxetarena poesia zaila zen; ez zen ulertzen, eta, ondorioz, saldu ere ez.
  • Kontrapas izan zen aztertu genuen laugarren kanta. Bernat Etxeparek idatzi eta Xabier Letek kantatua. Asko-asko kantatu den kanta; gehiegi ere bai, beharbada. Euskararen normalizazioaren aldeko lehen aldarrikapena izan daiteke Etxeparek XVI. mendean idatzitakoa, baina, zoritxarrez, oraindik ere behin eta berriz esaten dugu euskara plaza publikora atera behar dugula.
  • Galerianoren kanta Martin Larraldek idatzi zuen 1815ean, eta Pantxoa eta Peiok eman zuten ezagutzera, beren diskorik ezagunenean. Kronika bat da, eta garai hartako gizartearen irakurketa zorrotza egiten da bertan. 1815. urtean Hazparnen izan zen gertakari ilun bat du iturburuan, protagonista Martin Larralde bera delarik. Bertsoen egilea Martin Larralde izan zela esan izan bada ere, Piarres Xarrittonen ikerketak argi erakutsi zuen Larraldek ez zekiela idazten. Martin Larralde “Bordaxuriren” inguruan nolabaiteko mitoa ere sortu zen.
  • Martin Larralde poesia Joseba Sarrionaindia idazle bizkaitarrak idatzi zuen. Martin Larralderi eskaini zion eta Galerianoren kantaren gaineko gogoeta da. Rafa Ruedak esan zigunez, olerki hori ez da kantagarria, metrika irregularra dauka eta ez du errimarik, baina, hala ere, Ruper Ordorika kantari oñatiarraren kanta ezagun eta maiteenetakoa da. Gotzonek azpimarratu zigunez, Sarriren ustez, ondo egin ez duguna ere kantatu egin behar dugu. Sarrionandiak, poesia horrekin, ez du ezer ere eskatzen edo agintzen.
  • Adio Euskal Herriari (edo Gazte-gaztetatikan) izan zen lehen saioan entzun genuen azken kanta. Entzun diogu, ez baikenuen aztertzeko astirik izan. Iparragirrek idatzi eta Oskorrik kantatu zuen kantu horretan argi ikusten da euskaldunok ere, arrazoi asko direla medio, kanpora joan behar izan dugula. Asko idatzi eta kantatu dugu horren gainean, eta hori izango da bigarren saioko gai nagusia.

*Ohar bat: konturatu al zarete idazle guztiak gizonezkoak direla? Gotzonek esan zigunez, emakumezkoek idatzitako poesiak apenas kantatu diren gurean. Itxaro Borda da salbuespena.

• Rafa Ruedaren ahotsa eta kantaera
Lehen saioaren kronika amaitzear daukagu, baina, aurretik, Rafa Ruedaren ahotsa eta kantaera azpimarratu nahi ditugu; ederrak, benetan! Kuriosoa izan zen ikastaroan izena eman duen lagun batek Rafari egin zion aitortza: “ez zaitut ezagutzen, ez dakit sekula zure kanturik entzun dudan, baina aho-zabalik egon naiz zu entzuten”. Ez genituen aurreikusitako kanta guztiak aztertu eta kantatu, baina gustura hartu genuen etxerako bidea, bigarren saioan ere Gotzonen eta Rafaren kontuekin eta kantuekin gozatuko dugun esperantzarekin.

euskal kantagintza ikastaroa elgoibar rafarueda

• Hurrengo saioa urriaren 19an
Hurrengo saioa urriaren 19an izango dugu, eta, arestian esan bezala, euskaldunok migrazioarekin, erbestearekin, edo deserriratzearekin izan dugun lotura aztertuko dugu. Eta baita Karlistaldiak ere. Gaur egunean pil-pilean eta konpondu gabe dagoen errefuxiatuen auziaren gainean berba egiteko aukera emango diguten kantuak ikusiko ditugu. Eta Euskal Herria beti bi bandotan, bi aldetan, bi ideologiatan zergatik banandu den ere aztertuko dugu.
Gotzonen berba batzuk estreinako kronikari amaiera emateko: “Uste dugu oso hurbilekoak diren gaiak lantzen ditugula ikastaroan, oso emozionalak, oso afektiboak direla kantatzen ditugun kantak; eta, era berean, oso intelektualak. Rafak zuzenean jotzen dituen kanten bitartez, Euskal Herria eta euskal herritarrok ulertzeko gakoak azaleratzen ditugula uste dugu”.

GUREAN.EUS

 

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza