Elgoibarko Herritarren Bizikidetza Taldea

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

Urtero gisan, Elgoibarko Udalak eta Herritarren Bizikidetza Taldeak bakeaz eta bizikidetzaz hausnartzeko jardunaldiak antolatu dituzte. Aurten, bereziki, memoria eta transmisioa landu nahi dira eta horretarako hiru ekintza programatu dituzte.

Eskuorria 2019Otsailak 19, asteartean 19:00etan Kultur Etxeko Sotoan, Bizimiñak antzezlana eskainiko du Itzel konpainiak. Itziar Eliasek, Maddi Irazokik eta Dani Irazokik antzerkia, pintura eta musika nahastuko dituzte urte luzez bizitako minaz eta haren bueltan dabiltzan gaiez hitz egiteko. “Bizikidetza egunero lantzen dugun gaia dugu, unibertsala dena zein gertukoa, nahi gabean, multzoak agintzen duenaren arabera edo determinazioz jorratzen dugun gaia da. Baina zergatik gara multzo bateko edo besteko? Zergatik aukeratu beharra? Eta inongo ez bagenu izan nahiko? Zer da erabakitzea?” Mina, gorrotoa, isiltasuna.... horiek utzitako orbainak erakutsi beharraz eta bakoitzak bere historia berak kontatzeko beharraz hausnartuko dute. Ikusi hemen antzelanaren teaser-a.

Otsailaren 26an, asteartez, 19:00etan Kultur Etxeko hitzaldi gelan, gazteria, memoria eta transmisioa izango dira hizketagai. Bi gonbidatu izango ditugu: Leire Ostiza Mugica, Zientzia Politiko eta Zuzenbidean graduatua, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko Bake eta Bizikidetza teknikaria) eta Iker Uson (Gizarte langilea eta bakegintzan espezializatua. Deustuko Unibertsitateak plazaratutako Unibertsitateko gazteek Euskadin bizi izan den terrorismoari eta giza eskubideen urraketei buruz dakitena eta duten diskurtsoa ikerketaren egilea. Gatazka bizi izan ez dutenek gaur egun gatazka nola bizi duten, zer, nork eta nola kontatu behar dien gertatu dena, isiltasunak dakartzan esanahi eta ondorioak... horiek eta beste zenbait erpin jorratuko dituzte mahai-inguruan.

Azkenik, martxoaren 6an, asteazkenez, 19:00etan Kultur Etxeko hitzaldi gelan, egunkarietan agertu ohi diren biñetetan gure gertuko nahiz urruneko historia nola jaso den azalduko digute bi gonbidatuk. Alde batetik, Txema Uriarte historialariak, Viñetas para el recuerdo liburu kaleratu-berriaren egile denak,1936-1937 bitartean Bilbo inguruko egunkariek garaiko giroa nola jaso zuten azalduko digu. Bestetik, Edorta Arana, EHUko irakaslea, DSS2016ko Tirabirak proiektuaz ariko zaigu, beste ikerlari batzuekin batera, 1977 eta 2016 bitartean gure iragan gatazkatsuari buruz egindako eta argitaratutako biñetak bildu zituen proiektu transmediaz.

Gure historia ezagutzeaz bat, memoria lantzearen eta hura ingurukoei kontatzeko bideak urratzearen garrantziaz oharturik, antolatzaileek herritar guztiak gonbidatu nahi dituzte jardunaldietan parte hartzera.

San Bartolomeak 2019

 

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza