Elgoibarko Herritarren Bizikidetza Taldea

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

Elgoibarko Herritarren Bizikidetza Taldeak eta Ongarri zine-klubak giza-eskubideen inguruko zine-zikloa antolatu dugu. Urriaren 18an Lesa Humanitat eskainiko dugu eta hilaren 25ean In dialogue, Xuban Intxausti zuzendariak berak aurkeztuta.

2018 10 11 Zine zikloa Urria ELGOIBAR komunitateaGiza-Eskubideen Adierazpen Unibertsala aldarrikatu zela 70 urte betetzen dira aurten eta horien inguruko lanketan bat egin dugu bi taldeok. Amets bera baitugu: giza eskubideak errespetatuko diren gizarte bat; eta baita zeregin bera ere: eskubide horien urraketak azaleratu eta salatzea, bakoitzak geuretik, baina, zergatik ez, baita elkarrekin ere. Arlo honetan lan asko egin behar dela iruditzen zaigu baina, era berean, helburu hori lortzeko egiten dena erakustea eta ezagutzea ere funtsezkoa da, elkarrenganako errespetuan oinarritutako gizarte bat eraikitzen jarraitzeko. Horregatik giza-eskubideen urraketen inguruan hitz egiten duten zinemari begira jarri gara, edota urraketa horiek gainditzeko eta ez errepikatzeko egin izan den lanari. Hala, giza-eskubideen inguruko bi dokumental eskainiko ditugu hil honen 18an eta 25ean. Sarrera doan izango da.

Lehenengoa, urriak 18an, 21:30etatik aurrera, Hector Faver zuzendariaren Lesa Humanitat dokumentala ikusiko dugu. Memoria historikoari eta justizia unibertsalari erreparatuko diogu, frankismoaren biktimen ahotsak ezagutu eta kriminalen zigorgabetasunaren eta trantsizio demokratikoaren garaitik gaur egunera bitarteko gertaeren
manipulazioaren gainean hausnartzeko. Bigarrena, urriaren 25an, 21:00etan hasita, Xuban Intxaustiren In Dialogue dokumentalak, elkar ulertu eta errespetatzeko bidean,
elkarrizketak duen garrantziaz hitz egingo digu. Ipar-Irlandako gatazkan elkarren kontra borrokatzen aritu ziren haiek, mahai baten bueltan bilduko baitituzte, bakoitzak iraganaren gainean egiten duen irakurketa besteekin konpartitzeko eta iragan horrek utzitako zauriak sendatzen laguntzeko. Bigarren honetan, gainera, Xuban Intxausti zuzendaria gure artean izango dugu, dokumentalean jasotako elkarrizketa prozesu haren inguruko xehetasunak eta esperientziak herritarrekin konpartitzeko.
Udalak babestu eta lagundu gaitu ekimen hau gauzatzen, hemendik gure esker ona. Herritar guztiak gonbidatu nahiko genituzke bi saio hauetara, bai eta, urtean zehar gure taldeetan edo antolatzen ditugun beste ekimenetan ere parte-hartzera. Gizarte zabalean ez ezik, Elgoibarren bertan ere funtsezkoa baitugu bakea, bizikidetza eta giza-eskubideen errespetua lantzea. Bakoitzak ahal duen neurrian, bakoitzak beretik, eta ahal den guztietan, elkarrekin.

GUREAN.EUS

 

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza