Eire Vila

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

Hitz eta klik Jone Eire vilaDotoreak ikusten zituen besteen eskuak, garbiak, leunak, denak antzekoak gainera, perfektuak. Bereak, ordea, ez zituen horrelakoak ikusten. eta horrek min egiten zion.

Saiatu zen, xaboi garestiz garbitzen, eraztun distiratsuz hornitzen, hala ere, inoiz ez ziren mailakoak. Eskuin eskua zaintzen zuen bereziki, ezker eskuak ez ei zuen askotarako balio, hazka egiteko, gehienez. Ezkerrarekin idazten hasi zenetan, irmo gogorarazi zioten, hori ez zela bide zuzena, ezkerra ezetz, eskuineko eskuaz idazteko. Eta berak ezkerra ahaztu egin nahi izan zuen, gorrotatu egin zuen, baina barru-barruan ezin zuen abandonatu. Hala itotzen zuen eskutik bere eskua askatu eta beste batzuk ukitu zituen; Bidean, eskua erre zuen batzuetan, inoiz edo behin ez zen eskua sartzera ausartu hanka ez sartzearren, batzuetan eskua luzatu zuen nori begiratu gabe, eta batzuek besoa hartu zioten; eskerrak beste besoa geratzen zitzaion. Hozka egin zioten bestetan, eta zapaldu egin zioten inoiz. Esku batzuk laztandu egin zituen, eta laztan batzuk jaso zituen bueltan, baina gehiago nahi zituen. Ezkerraz tinko heldu zien langile esku trebeei, euskaldun umil eta umiliatuenei, desagerrarazi nahi zituzten esku gorriei, eta beltzei, desberdinak izateagatik gorrotatuak ziren eskuei, emakumeen eskuei, berdin burdinez lotuta zeudenei. Bere eskuak ikusten zituen horietan guztietan. Bereak bezalako eskuak topatu zituen, inozentzia galdu zutenak, baina topa egiteko prest zeudenak, ez ziren eta poztu egin zen. Orduan, baztertuta eduki zuen ezker eskua igurtzi zuen laztanez, bularreraino heldu zen, bihotza ezkerrean zuen, ondo zekien bezala. Bihotzari kasu egitea erabaki zuen, eta une hartan ez zen ezer aldatu baina dena aldatu zen.

Hitz eta klik. 2017ko abendua. Testua: Jone Olaizola / Argazkia: Eire Vila

Gida komertziala

Gida komertziala 2017

 

GUREAN.EUS

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza