Angel Ugarteburu

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

Garai bakoitzak bere ezaugarriak ditu eta bizi beharrari erntzuteko teknologia aproposa. Giza adimenak aurre egin behar die, denboran eta espazioan, inguruak eskatzen dizkion baldintza eta zailtasunei. Hala, erdi aroan eta modernitatearen atarian, euskal marinelek, armatzaileek prestatutako ontzi eta tresneriaz erantzun zioten sasoiko eskabideei, balea ustiatuz.

Sinesgaitza ematen du orduan hilabete batzuetan hasi eta amaitzen zituztela ontzi handiak. Kontuan izan behar dugu, ordea, aldez aurretik landatuak, prestatuak eta zainduak zituztela ontziak egiteko pago eta haritzak, landareei gazte ziren artean komeni zitzaien forma emanez, adarrek oso-osorik, ontziaren forma hartzen zutelarik. Bonsaiak egiteko teknika dagoen bezala ikasi zuten haiek ere lana arrazoitu eta errazten. Adibidez, orduan San Joan ontzia egiteko 300 haritz behar izan zituzten eta orain, haren errepika egiteko, 1000 beharko omen dira, aldez aurretik egindako lanik ez dagoelako.
    Balea eta bakailaoa izan dira gure txango honetako bi ardatzak. Ardatza aipatuta, Txirritak “Norteko ferrokarrilari” jarritako bertsoetan “gurdi-ardatza lumerarekin al zen maizena igurtzi” ohi zutela esaten du, “beti zerbaiten karraio”. Saina, gantza, koipea eta lumera; lau hitz erabiltzen dira gauza bera adierazteko. Nire ustez, lumera hitz hori frantsesen lumiere hitza euskaraz emana izan daiteke eta argi dago zergatik: argi egiteko erabili ohi zelako, besteak beste, balearen koipea. Erdi Aroan ofizioa ikasi eta XV-XVI. mendeetan esperientziak emandako jakituria negozio-bide egin zuten euskaldunek.
    Elgoibarri dagokionez, azken erdi aroan eta modernitatearen hasieran Elgoibarrek eta, oro har, Debabarrenak dinamismo handia erakutsi zutela frogatzen du
Xabier Elortzak egina, nahiz argitaratu gabe, duen liburu interesgarriak.
    Hemengo burdinolek egindako tresnek izango zuten, dudarik gabe, baleazaleen eskabiderik: arpoi, ganibet, lantzeta, aizkora eta abar. Elgoibar eta inguruetako upaginek ere izango zuten lanik, sagardoa zein lumera hori garraiatzeko upel edo barrikak egiten, sagardogileek izango zuten bezala. Jakina da Debako zein Altzolako lojetan tina handiak zituztela saina eta, geroago, bakailoa lehorra almazenatzeko. Gero, batez ere ahuntz larruzko zahagietan mando zein astoak kargatu eta arre! Deba goiena eta Gasteiz aldera. Elgoibartar eta bailarakoek hartu zuten parte itsasontziak hornitzen eta armatzen. 1474tik dakigu Deban bazuela bere itsasontzia Lasaldeko Fortun Perez-ek. Karkizaoko Martin Iñigez, Martin Arriola eta M. Andonaegi ere aipatzen dira dokumentuetan. Bai, halaber, Santxo Ibarra eta Azkarateko Pedro ere. Era askotako enpresetan menturaturatu ziren eta ez da harritzekoa ere, itsasoa hurbil baitzuten eta hurbilago Altzola ibai-portua. Xehetasunak, X. Elorzaren liburuak emango dizkigu argitaratzen dutenean.
    Azken batean, orduan ere, lanek eta merkatal proiektuek elkarrekin lotura handia zuten. Ez zen baleazalerik ez bakailaozalerik izango, beste hauen partaidetzarik gabe.

∞ Aurreko sarrerak:

  1. Ternua-Newfoundland
  2. Balea: fantasia eta errealitatea
  3. Euskal itsasgizonak baleen atzetik
  4. Euskararen arrastoak
  5. Euskaldunak protagonista
  6. Balea mota ezberdinak
  7. Desagertzeko zorian
  8. Apaizak baino hobeto
  9. Prestaketa lanetan
  10. Honek Pasaia ematen du
  11. Sartu gara ontzian
  12. Zientzia eta sagardoa
  13. Zodiac-etan lehorrerantz
  14. Chateau Bay
  15. Barruko lana
  16. Red Bay
  17. Txotx! Afaldu eta lo. 'It´s foggy'
  18. Saint Pierre et Miquelon
  19. Plasentia leku atsegina da
  20. Bidaideak
  21. Azken Portu
  22. Kontramaisuaren azalpenak

Angel Ugarteburuk euskal baleazaleek Ternuan laga zuten arrastoari segika joango den espedizioan parte hartuko du (2017-06-14)

Gida komertziala

Gida komertziala 2017

 

GUREAN.EUS

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza