Angel Ugarteburu

barren.eus-logoa

Tokikom

 

Txankaua_2017-11-03_2017-11-17
 
 

Nabigaldi labur samarra dugu hurrengo portura. Red Bay-ra goaz eta ez dago hain urruti. 2000 biztanlerekin eusten dio herri izateari. Herri hazitxoa ere bada, Labrador eta Ternuako herrien bataz bestekoa ikusita.

Inguruan hustu diren herrietakoak bertara jo dute. San Joan ontziaren kontu horrek bizitza berria eman dio herriari. Museoak ere baditu eta turismoari esker bizi-irauteko aukera.
     Itsaso handia egon da gauean eta balantza ederrean egin dugu lo. Bezperako emozioak baretu baino lehen gara, berriro ere, zodiac-etara jaitsi beharrean. Harrera egingo omen digute bertako udaletxeko aretoan eta zeremoniarako prest goaz. Salto-saltoka joan gara uhinen gainetik eta, azkenerako, gerria nahiko erasanda iritsi naiz, nahiz eta badian sartu ahala, itsasoa bareago dagoen.
    Aretoan dauzkagu zain herriko eta eskualdeko agintariak. Pintxoak, bertako ardo berezia, ahabiaz (blueberry edo arandanoz) egindakoa, bertakoen ohituraz eta , nola ez, gure trikitilariek jarritako soinu eta erritmoan ezerk ez du kalterik egiten. Dena mesederako.
Hango agintari baten seme berezi batek ere badu eskusoinua eta gustura entzun ditu gure txaloak, Solanoren laguntzaz ekitaldi polita eskaini baitigute. Alkate-ordeak lehenengo eta alkate andereak gero, harrera hitzaldi egin, gertaeraren berri ematen duen orri bat irakurri eta txaloak elkarri. Astarbek eta Mala Gissona garagardoak ere izan dute euren protagonismoa. Oiartzunen egiten duten garagardo horren izan berezia entzutean, burura datorkit euskara-islandierako hiztegi batean agertzen ote den, gizatxarra adierazteko. Gabriel Aresti olerkari bilbotarrak ere, 1970eko hamarkadan, Malgizon arestiar sinatzen zituen bere zenbait artikulu, ezker zentralistekin harremanak zituela  egozten ziotelako. Bazuen zerbaiten berri gure olerkari ausartak.

angel ugarteburu 8kap astarbetarrak  Hango saioa bukatu denean Museoa ikustera joan gara. San Joan ontziarena Robert-ekin  ikusteko beta izan dugu batzuek eta harekin pasatu dugu denbora guztia, txoko guztietako xehetasunak esplikatzen baititu, prisarik gabe, gozatu egiten baitu bere semea bailitzan mimatzen duen galeoiaren kontuak azaltzen. Badira han San Joan ontzia zenaren aingura, nabigatzeko zenbait trepeten hondakinak e.a. Pisuak jasotzeko egurrezko goragailu mekaniko bat ere bai. Hartu zutenean, oraindik bazebilela esan du Robert-ek. Itzultzailea ere badugu eta gustura gu. Beste batzuek herrian ikusgai dauden beste leku batzuetara joan dira, baina guk ez dugu astirik izan dena ikusteko eta biharamonean ikustekotan alde egin dugu. Deika ditugu arduradunak, bazkaltzera itzul gaitezen.
Gaueko afarira gonbidatu dituzte Red Bay-ko agintariak eta gurekin afaldu dute ontzi handiko jangelan.
    Hurrengo egunean Red Bay-ra itzultzekoak ginen. Hara baino lehen, hala nahi genuenok, mendiko ibilalditxo bat egiteko aukera izan dugu, besteak Saddle island-era joan ziren artean. Menditxo bat da eta handik inguruak ederki ikusten ziren, lainoak ere tarteak eskaintzen baitzituen. Ibilaldi ederra, berriz ere baso artikoaz gozatzeko. Hori bai, bide guztia  eskailera eta guztiko egurrezko bidetik (stepway) egin dugu. Merezi zuen. Euskal marinelek ibilitako itsaso eta badiak ikusteko goiune aproposa.

 angel ugarteburu 8kap red bay  Berriz ere zodiac-etan sartu eta Saddle island-era.  Red Bay-ren aurrean, irla horretatik gertu dago San Joan galeoia. Irla horretan dago soineko eta guzti hobiratuta aurkitu zituzten euskal marinel batzuen hilobia ere. Robert gurekin doa, berriz ere, eta nik neuk harengandik hurbil nahi dut. Ia berrogei urte lehenago San Joan aurkitu zuteneko lekuaren aurrez aurre, teila multzo baten aurren geratu eta hantxe eman dizkigu, erabat hunkiturik, ikerlan haren hainbat xehetasun. Xehe-xehe eman ere, begiak distiraz, berak dakien bezala. Soinekoan sartzen zieten ur beroaren kontua, ur azpiko lan neketsua, hango marrazki eta moldegintza, kanpaitxoen eta buien kontua. Dena gertatu zen hantxe, ehun metroren barruan.

angel ugarteburu 8 kap grenier azalpenak  Halako batean, isilaldi baten ondoren, aurrez aurre duen itsasoari begiratu eta, berezkoa duen grinaz, garrantzi handiko zerbait esateko prestatzen da Robert. Ur azpiko ur hotzetan, gorputza ez ezik eskuak ere eskularruz babestuak izaten zituztela eta horrek haztatzeko orduan traba egiten ziela. Behatzek sentigarritasuna galdu eta ukimenak nozitzen zuela hori. Behatzak izozteko arriskua hartuta, eskularruak kendu eta upel- taulen barne aldea haztatuz, hara non konturatu zen balearen sain edo koipearen arrastoak oraindik han zeudela. Ez zegoen dudarik. Huraxe zen 1565ean upelez zamaturik ondoratu zen San Joan baleontzia. Aurkikuntzatik ia 40 urte geroago eta oraindik hunkitua zegoen gure ikertzailea. Txalupetako biren hondakinak ere aurkitu zituzten eta haien erreplikak eginak daude. Kanadiar gobernuak Gipuzkoako Aldundiari eman zion San Joan zenaren maketa eta orain Albaolan dihardute hura berregiten.
    San Joan galeoiaren jabetzaz galdetu diogu eta, orain dela gutxi arte, jabeen oinordekoa Laborde familia izan zela esan digu. Ez dira urte asko itsas-enpresa hori itxi zenetik, baina inork jabetza berreskuratu nahi balu, Kanadako gobernuak egindako gastu handiei egin beharko liekela aurre.

ugarteburu 8 kap red bay lore sorta  Mari Kruz Ulanga, Donostian bizi den Ikaztegietarra ere gure taldean da eta hilobiak dauden lekura joan da lagunekin. Bere anaia bat hil omen zen Ternuan bakailaotan zebilela, barneko odol-isurketa baten ondorioz, 27 urte zituela: Rikardo Ulanga. Ez du jakiterik lortu, ez hemen ez han, non hilobiratu zuten. Robert-en taldetxoa utzi eta aurrerago joanda dagoen marinelen hilobien ondoan utzi du bere lore-sorta anaiaren oroimenez. St. John´s inguruko cove edo kalatxoren batean hobiratu ote zuten zurrumurruen oihartzuna da iritsi zaion bakarra. Zehaztasunik ez.

Apaizac obeto liburuan Jon Maiak jaso zituen bertso anonimoak etorri zaizkit gogora. Batez ere haietako hauek:


Adios neure emaztea
Esposa maite gaztea
Tristea dut partiada
Seculacotz beharbada

Adi neure haur txumeac
Seme-alaba maiteac
Galtzen baduzue aita
Ama alarguna maita

    Deika ditugu, berriz ere, arduradunak, Ontzi handira joan behar dugula esan eta esan. Gu, Grenierren ezpainetatik zintzilik. Ez gara aspertzen. Zodiac-etan sartu eta badiatik kanpora ater garenean konturatu gara dei haien arrazoiaz: itsaso handia zegoen eta zaldiek bezalako saltoak eginez iritsi gara gure etxe handira. Agur, Red Bay. Ez dugu dena ikusteko astirik izan eta ez gara hara itzuliko, itsaso handia baitago eta hurrengo portuan ere antolatuak dituztelako gu artatzeko ekintzak.
    Ontziaren popatik Labrador-eko menditxoei agur egiten diedan bitartean, Red Bay-n entzun dudan istorio bat datorkit gogora. Denbora asko ez dela, Red Bay-ko itsasertzera balea bat hurbiltzen omen zen ia egunero, bertakoen igurtziak eta ferekak jasotzera. Zorriek eragiten zioten hazkura arindu ziezaioten edo, agian, kariño apur bat behar zuelako.

 

∞ Aurreko sarrerak:

  1. Ternua-Newfoundland
  2. Balea: fantasia eta errealitatea
  3. Euskal itsasgizonak baleen atzetik
  4. Euskararen arrastoak
  5. Euskaldunak protagonista
  6. Balea mota ezberdinak
  7. Desagertzeko zorian
  8. Apaizak baino hobeto
  9. Prestaketa lanetan
  10. Honek Pasaia ematen du
  11. Sartu gara ontzian
  12. Zientzia eta sagardoa
  13. Zodiac-etan lehorrerantz
  14. Chateau Bay
  15. Barruko lana

Angel Ugarteburuk euskal baleazaleek Ternuan laga zuten arrastoari segika joango den espedizioan parte hartuko du (2017-06-14)

Gida komertziala

Gida komertziala 2017

 

GUREAN.EUS

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza