Angel Ugarteburu

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

angel ugarteburu Baleazaleak ternuanKontua da, euskal arrantzaleek ere balea harrapatzen eta ustiatzen ikasi zutela errentagarria zelako eta hala iritsi zirela Atlantiar Ozeanoaren beste ertzeraino. Baina haien interesa ez zen geoestrategikoa, ezta erlijioa zabaltzea ere. Haiek ez zebiltzan mundu berriaren bila edo indietara mendebaldetik pasatzeko bidearen bila, balearen bila baizik.

Hala ibiliko ziren vikingoak ere lehenagotik, bizibeharrak eraginda eta, ziurrenik, hotzak eta izotzak atzera botako zituen, hegoalderagoko giro epel jasangarriagoaren bila.
Kristobal Colon eta haren lagunak izan omen ziren lehenik amerikar kontinentea aurkitu zutenak. Egia esan, haiek hara iritsi baino aurrerago aurkituak zeuden lur horiek, bertan bizi baitziren “lehen nazioak” (gaur egun ere first nations) deitzen zaien bertako biztanleak. Orain Kanada den lurralde zabal horretan, eta zehazki atlantiar ertzean, innuak, beothuk-ak, kris-ak, mi´kmaq-ak, irokiarrak eta innuitak bizi ziren. Argi dago Europako mentalitate kolonizatzaile eta kristautzaileari lotua dela “Amerikaren aurkikuntzaren” ideia hori. Itsasoz beste aldetik zegoen lurralde hartan pertsonak eta herriak bizi ziren eta hara joan zirenen asmoa, lehia, konkista eta boterea handitzea baino ez zen izan. Merkataritza alorrean Europako iparraldeko estatuek ikuspegi eta antolamendu eraginkorragoa erakutsi zuten eta, azkenean, Frantziak, Holandak, Danimarkak eta, batez ere, Ingalaterrak lortu zuten Ipar-Atlantikoak eskain zezakeen etekin joriena.
angel ugarteburu Basques Newfoundland mapaEtienne Cleirac frantziar ikertzaileak idatzi zuen “Us et coustumes de la mer” (1661) liburuan oinarritu izan da gerora, Terranova euskal arrantzaleek aurkitu zutela diotenen teoria. Euskaldunak ere han ibiliko ziren, baina ziur lehenagotik handik ibiliak izango zirela vikingoak. Kontua da, aurkikuntza hori konkistarekin eta soberaniarekin lotu izan dela ia beti eta, horrela, Europako estatuek, batez ere Frantzia eta Ingalaterra, eta haien zerbitzura lan egin zuten esploratzaileak izan dira hango berri zehatzak eman dituztenak, hala eskatzen baitzieten zerbitzatzen zituzten gobernuek: hala ibili ziren J. Cartier lehenik eta Samuel Champlain gero, Frantziaren alde eta Giovanni Caboto (John Cabot) Ingalaterraren alde. Espainiak eta Portugalek, Aita Sainduaren bedeinkapenaz (Tordesillasko ituna, 1494) elkarbanatu zuten Amerikako lur berrien kolonizazioa eta kristautzea, baina ipar-atlantiar bidetik ipar aldeko estatuek, lehen esan dugunez, hartu zuten bide berrien eta lur berrien konkistarako eta negozioetarako monopolioa, jada errekonozitzen ez zuten Aita Sainduaren xedapenei kasu handirik egin gabe. Ahal zuenak, ahal zuena, indartsuenaren legeari bidea emanda.

• Europa bakailaoz eta balearen koipez hornitu
J.A. Azpiazu Oñatiko ikertzaile finak egindako liburua izan da gai honetaz irakurri dudan azkena: La empresa vasca de Terranova. Lehen irakurriak bermatu eta gehiago sakontzeko aukera eman dit. Euskal ontziak izan ziren Europa bakailaoz eta balearen koipez hornitu zutenak. Kontuan izan behar da balearen koipe horrek gaur egun petrolioak egiten duen adinako emendioa eskaintzen zuela garai haietan. Bakailaoa ere estimatzua zen oso, urtean 166 egun baitziren elizak, buldarik ezean, haragia jatea debekatzen zuen egunak. Orduan elizaren barau eta haratuzte egunak oso zorrotz bete ohi ziren eta bakailaoak emendio handia egiten zuen, debekuzko egun horietan haragia ordezkatzeko, proteinaz elikatzeko.
Balearen ustiapenean, gero eta preziatuagoa bihurtu ziren hasiera batean zaborretara bota ohi zituzten balearen bizarrak ere. Kartílago erako gai hori ondo zetorren aizto zein ispiluen heldulekuak zein aterkien “balenak” eta beste hainbat kutxa eta pitxi egiteko. Gaur egun plastikoz egiten diren erako asko, alegia. Eragin handia izan zuen horretan Pariseko modak eta frantziar merkatuan prezio ona egiten zuten. Dokumentu batzuetan ageri denez, itsasontzi batek ekarritako zaman ia erdia betetzera iritsi ziren, berez balearen ezpainetako iragazkiak ziren bizar horiek.
Espainiar armadak, bizkar eman zien euskal baleazale eta arrantzaleen ustiaguneei, Hego eta Ertamerikako kolonizazioa eta kristautzea lehenetsiz. Epelaldiko lur eta uretan saiatu ziren konkistan, proselitismo katolikoan eta urrearen grinari zeharo emanak. Euskaldunek, hala ere, zailtasunak zailtasun, eutsi egin zioten euren arteari, ahal izan zuten artean, euren ohiko ustiaguneetan, batez ere Cateau-Cambresis-eko bake itunaren ondoren (1559) iparraldeko “frantziar-euskaldunekin” arazo gutxiagoz jardun ahal izan zutenean.

angel ugarteburu hormairudi balea bermeo luis olaso

•Jon Maiaren Apaizac Obeto
Jon Maiak Apaizak Obeto liburu ederrean berri jakingarri asko biltzen ditu, liburuetan jasotakoez gain, Beothuk txalupan Québec-etik Red Bay-eraino bizi, ikusi eta ikasitakoak eskaintzen baitizkigu. Hala konturatu naiz Ternuak berak besteko garrantzia duela San Lorentzo ibaiak, hango irlek eta haren ertzetako portuek euskaldunen jardueraz bere osotasunean jabetzeko. Hala jakin dut euskaldunak San Lorentzo ibaian gora, gaur egungo Montrealeraino iritsi zirela. Orduan, han Hochelaga izeneko irokiar herritxo bat omen zegoen.
Ez dago dudarik, dena den, balearen ehizak hala eskatuta, euskal arrantzaleak, Frantziaren estatuko euskaldunak ere bai, Atlantiko ozeanoaren beste aldera heldu zirela eta aspalditik zekitela han bazegoela sarritan gustura hartu izan zuten lehorraren babesa.
Kristobal Colon-i Madeiran egindako eskala batean euskal itsasgizon batek esan omen zion bazegoela itsas-bazterrik uraz handik, eta ez hain urruti. Beraz, Colon ez zen joan itsasoan barna mentura hutsean, lehorra aurkituko zuen ziurtasunez baizik.

∞ Aurreko sarrerak:

  1. Ternua-Newfoundland
  2. Balea: fantasia eta errealitatea

Angel Ugarteburuk euskal baleazaleek Ternuan laga zuten arrastoari segika joango den espedizioan parte hartuko du (2017-06-14)

Gida komertziala

Gida komertziala 2017

 

GUREAN.EUS

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza