Ainhoa Lendinez

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

2020 01 21 loramen barren komunitatea mendiko errezetak ainhoalendinezBuruari buelta asko eman ostean (nor naiz ni elikaduraz hitz egiteko?), animatu naiz "mendiko errezeten" bilduma egitera. Askok eskatu didazue errezetak partekatzeko, eta lehenik eta behin, eskerrik asko, bihotz-bihotzez!

 Ni ez naiz nutrizionista, ezta elikaduran aditua ere. Nire esperientzia laburrean ezagutu ditudan lagun eta profesionalen gomendioei jarraituz, ahalik eta elikadurarik osasuntsuena edukitzen saiatzen naiz, neure bizimoduari eta gustuei egokituta.
2018ko uztailean Mendia, elikadura eta osasuna testua argitaratu genuen barren.eus-en atari honetan. Nire egunerokoan funtsezko bihurtu diren zenbait oinarri jaso genituen testu horretan. Itziar Gonzalez de Arriba eta Urko Arozena lagun eta adituei esker, nire elikadura, egunerokoa eta osasuna nola aldatu diren azaltzen saiatu nintzen. Han jasotakoa da nire oinarria, eta haiek erakutsitako bidean aurrera segitzen dut.

Saiatuko naiz elikaduraren inguruan haiek eta bestek emandako gomendioak hemen zabaltzen, zuei ere lagungarri gertatuko zaizkizuelakoan.

2020 01 21 loramen barren komunitatea mendiko errezetak ainhoalendinez 1
Askok galdetzen didazue zer gosaltzen dudan eta horrekin hastea erabaki dut. Testu askotan aipatu dut harrituta nagoela zenbat azukre kontsumitzen dugun, eta are, konturatu gabe. Nik neuk ere, marmelada, kafea eta laranja zukua hartzen nituen aspaldi gosaritarako. Ohartu nintzen, ordea, gosaldu eta gutxira buruak eta ondoren, sabelak jateko gehiago eskatzen zizkidatela. Itziarrek azaldu zidan, azukrearen mendeko bihurtuak neuzkala gorputza eta burua. Alegia, jan berritan, azukre gorakada nabaritzen nuela eta haren ostean, beherakada bortitza. Interesa baduzu, irakurri Itziarri eginiko elkarrizketa hau, eta kendu laranja-zukua gosaritik.

Arroza gosaltzea proposatu zidan berak. Bai, ondo irakurri duzu, arroza, egunero eta gosaritan (kar, kar). Harrituta geratu nintzen, baina probatu egin nuen, noski. Gaur arte, ez dut hutsik egin. Akabo azukrearekiko mendekotasun gosea eta akabo mendira joan aurreko digestio astunak.

2020 01 21 loramen barren komunitatea mendiko errezetak ainhoalendinez 2
Arroz-esne goxo bat prestatzen erakutsi zidan Itziarrek. Ez, noski, amonak txikitan prestatzen zigun azukredun arroz-esne mamitsua, baina arroz-esnea.

Hauek dira erabiltzen ditugun osagaiak:

  •  Arroz integrala edo gorria
  • Mijo (aukeran)
  • Arroz esnea
  • Canella hautsa
  • Kurkuma hautsa
  • Jengibre hautsa
  • Maca hautsa
  • Olo zahia (salvado de avena)
  • Sagar konpota

2020 01 21 loramen barren komunitatea mendiko errezetak ainhoalendinez 3

Etxeko hozkailuan beti daukagu arroza egosita, gure elikaduraren oinarria delako eta plater asko prestatzeko erabiltzen dugulako. Badakizue arroz integralak eta gorriak (baita beltzak ere) zuriak baino denbora gehiago behar dutela egosteko, findu gabe daudelako. Hala ere, oso erraza da egiten: bota arroza lapiko batean eta ondoren gehitu ura, arroza erabat estali arte eta gehiago. Irakiten jarri, bor-borka hasten denean jaitsi sua eta 40 minutuz egosi. Ondoren, kendu ura eta kito!
Arroz-esnea eta gainerako osagaiak gehituta, gosari goxo eta oparoa egingo duzu. Eta nahi baduzu, berehala atera ahalko zara korrika mendira, digestio astunik gabe. Eta gizentzeak kezkatzen bazaitu, zin dagizut marmelada, ogi, zuku eta bestelakoek askoz gehiago gizentzen dutela. Areago, gosari honekin, gorputza arindu baietz!

Arroz-esne gozoagoa nahi dugunean, arroza arroz-esnetan egosten dugu. Kontu izan, ordea, egosi bitartean esnea lurrunduz joango dela, eta horrenbestez, adi zaindu beharko duzula bukatzen denean esnea gehitzeko.

Errezetekin batera, tarteka osagai bakoitza zer den, zergatik eta zertarako gehitzen dugun azaltzen joango gara nahi baduzue. Oraingoz, errezeta honetan hartu kontuan arrozak integrala behar duela izan, esneak arrozarena eta azukrearen ordez, canella erabiliko dugula.

Gosari honi buruzko informazio gehiago hemen eskuratuko duzu.

Beti bezala, izugarri eskertuko nuke zuen galdera eta iruzkinak jasotzea. On egin!

 

 

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza