Ainhoa Lendinez

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

2019 11 13 ainhoa lendinez nepal everest trail ETR 2019 191110 03Norekin zoaz, loramen? Loramenekin eta loramenegaz. Eta zurekin Jani, eta zurekin Maite. Liherrekin, ahizpa eta gurasoekin. Jose, Gotzon, Urko eta lankide-lagunekin. Jaio eta Amaiarekin. Gasteizkoarekin, Zarauzkoarekin, Bilbo eta Bergarakoekin. Euskal Herriko mendizale guztiekin noa. Ondo egongo naiz.

 Eta horrela iritsi da loramen Nepalera. Nepal! Nork esango zidan halako goiz iritsiko nintzenik hona. Kathmanduko kaosa ez zait horren harrigarria egin. Agian orain bi hilabete Moshin (Tanzanian) antzeko egoera ikusi nuelako. Legerik gabeko zebrabideak. Autoak ezker-eskuin. Motoak. Jendea hara eta hona. Zernahi noiznahi topa liteke lekuotan: ile-apaindegiak 24 orduz zabalik. Soinean orotariko salgaiak daramatzaten emakumeak. Jana han eta hemen. Banbuzko andamio ahulekin eraikitako eraikinak. Eta kutsadura. Hong Konen egon ginenekoa gogoratzen dit kalimak. Irudi du paisaia zikin dagoela. Marihuana erretzailez josirik dagoen taberna batean sartzen zarenean bezala: hodei laino sare etengabe bat.

2019 11 10 loramen nepal everest trail begiraestatua elgoibar
Tximinoak, zakurrak, tenpluak, intsentsua eta kandelak. Eta ikurrinak. 5 elementuak oroitarazten dituzten nepaldar ikurrinak, alderik alde: sua, ura, lurra, airea eta zerua. Espezie usaina, arroza, dalmat-a eta tea. Kathmandun ongi bizi liteke. Irudi du bat-batean iritsi zaiela modernizazioa, eta ezin irentsi ari direla. Baina ari dira. Herrialde txiroa, baina coca-cola nonahi. Garagardoa ere bai: namaste.
Bi egun daramatzagu Kathmandun. Turismeoan. Gogorra da turismeoa. Niri lagun askok esaten didate mendiak igo eta jaistea gogorra dela. Gogorragoa da niretzat hara eta hona ibiltzea, norabide jakinik gabe, lo gutxi eginda, asko janez, eta egun osoan neke sentsazio etengabearekin. Baina horrela behar du, eta horrela ari gara. Egunotan kilo eta erdi edo gizendu naizela uste dut. Zergatik? Hauek dira egunotako energia gastua eta energia kontsumoa:
-Jan: %100
-Edan (ura): %100
-Lo: %50
-Ariketa fisikoa: %0
-Sexua: %0
Emaitza bistakoa da: positibo!!!!


Gogotsu nago mendiak ikusteko, baina aldi berean, ardura puntu bat ere badaukat. Datorkiguna handia den sentsazioa daukat.
10 orduko bidaia egin dugu autobusean, mendien magalera iristeko. Lo asko egin dut. Bai, mendi bide gorabeheratsu eta malkartsuetan joan da autokarra, eta ni, lo. Trakzioa, nahitaez, lau gurpilekoa. Errekak zeharkatu ditugu, amildegiak ezker-eskuin utzi. Jendeak oihu egin du tarteka. Beldurtuta. Nik ametsetan entzun ditut. Oso lasai noa. Ez da bidaia erosoa, baina bai oso autentikoa, oso nepaldarra, oso mendikoa.
“Al conductor habra que darle propina!” Atzeko eserlekuan doan katalanak bete-betean asmatu du. Trebezia behar da gero honelako bideetan 10 orduz gidatzeko. Leihoa zabaldu du eta kontrako noranzkoan datorkigun kamioia ukitu du. Atera kontuak nolako gertu igarotzen zaizkigun ibilgailuak, eta atera kontuak zein estuak diren mendi-bideok.
Iritsi gara kanpalekura. Hemengo airea eta Kathmandukoa ez dira berdinak. 4 egunean lehen aldiz jantzi ditut praka luzeak, lumadun jaka ere bai. 4 izarreko komuna daukagu kanpalekuan: kanpin denda batean ezkutatutako zulo bat zoruan. Ez dugu gehiago behar. Zakuan sartu eta oinak izoztuta dauzkat. Sentsazio zoragarria! Hauxe da mendian egotea.

2019 11 10 loramen nepal everest trail elgoibar barren komunitatea kanpalekua

 1. etapa

Patale-Dimise/Chorten Dingma 25 km 1877 m+ 1748 m- 4 ordu eta 23 minutu
Izugarri maite zaitut, Karakate, baina esnatu eta Lotse, Makalu eta Everest ikusteak ez dauka parekorik. Goizeko 06:00etan jaikitzea sekula ez da horren eramangarria izan. Gosaldu, jan-edana hartu, motxilak atondu, eta prest gaude. Zer egiten duzu hemen, loramen? Irteera uneko betiko urduritasun eta zalantzak. Atzera kontaketaren ostean korrika hasteko gogorik ez badaukat, zer egingo dut? Burua da Ainho. Hala esango lidake ahizpak.
Hasi orduko nabaritu dut bizkarreko pisua. Ez gaude ohituta horrelako pisuarekin ibiltzen. Are gutxiago korrika egiten. 4,9 kilo pisatu du nire motxilak kontrolean. Gehitu 2 litro ur. Lihertxo bizkarrean eramatearen parekoa.
Lehen aldapan arnasestua nabaritu dut, baina berehala iritsi gara herrixka txiki batera. Nepaldarrak ez dira euskaldunak bezain sutsuak animoak ematen. Zeharka eta lotsatuta begiratzen digute. Edo agian barreka ari zaizkigu: nora doaz zoro hauek? Arrazoi osoa dute. Ez gara benetako mendizaleak. Benetako mendizaleak euren herrixkak bisitatuko lituzke, haiekin lasai hitz egin, eta argazkiren bat atera. Horren ordez, “namaste!” azkar bat bota eta aurrera goaz, zerbaitek ihes egingo baligu bezala. Gero eta gutxiago gustatzen zait mendian korri egitea. Lotsa sentitzen dut, eta barregarri sentitzen naiz. Baina, aldi berean, gero eta gehiago gustatzen zait mendian ibiltzea, eta ahal dela, arin. Osasuntsu sentiarazten nau. Izerdiak usain hobea dauka mendian gimnasioan baino. Ikerketa batean irakurri nuen sistema inmunologikoa indartu egiten dela naturan ariketa fisikoa egiterakoan. Beti gogoratzen dut hori mendian nagoenean. Mendiko hotza eta kalekoa ere ez dira berdinak. Triste zaudenean sentitzen duzun hotza eta mendikoa ere ez. Kalean zaudenean, edo triste sentitzen zarenean, hotza hezurretaraino sartzen zaizu. Mendian zaudenean, hotzak uzkurtu egiten zaitu, baina behartu egiten du gorputza berotzeko mekanismoak aktibatzera. Eta horrek indartu egiten zaitu. Beroarekin ere gauza bera gertatzen da. Autoan noanean askotan sortzen zaizkidan beroa eta izerdia likatsuak dira. Mendiko beroa eta sargoria ederrak dira. Gorputza behartzen dute freskatze mekanismoak aktibatzera.
Pentsamendu horietan murgilduta noala iritsi naiz 2. kilometrora. Eta plast! Txorkatila bihurritu dut. “El dolor solo es eso, dolor”. Kiliani irakurri nion, liburuetako batean. Eta segi aurrera. Baso-bide busti eta hezean behera goaz, adi eta tentuz. Korrika txikian. Eta 8. kilometroan berriz ere txorkatila. Bihar agian bendajea. Ondo zoaz, loramen! Eta Nuria ere zoragarri doa, indartsu aurrealdean. Zelako poza! Lagun berriak berehala egiten ari naizen sentsazioa daukat, eta zoragarria da hori.
Berriz agertu zaigu Lotse parean. Mendizale askoren hatsa etorri zait sudurrera. Euskaldunena, noski, baina bereziki Ueli Steck daukat gaur buruan. Haren indarra betiko izango da Lotse-Nuptsen.
Lehenengo kontrola igarota, yak-ak zaintzen ari den nepaldar baserritar batekin egin dugu topo. Namaste! “Busco a yaks” esan du katalanak umoretsu. Barrezka goaz bidean aurrera. Ederra da hau! Erlojuari begiratu diot. Goiz da Euskal Herrian, Liherrek lo behar du oraindik. Bigarren kontrolera iritsi gara. 17. kilometro eginda. Aupa, loramen! Zuregatik eta Euskal Herrian babesa ematen ari zaizkizun guztiengatik, aurrera!
Zer emaitza lortuko ote genuen atzoko hauteskundeetan? Gora herria! Seguru indartsu atera garela orain ere. Hara! Beste nepaldar baserritar bat. Zer dio? Hortik? Baina markak? There is no mark anywhere! Help me, please! Aurrean jarri zait korrika, eta jarraitzeko esan dit. Ostia, galdu egin zara, loramen! Nora narama? Abereak utzi eta korrika narama, adarrez beteriko zelai narratsean behera. Nepalgo Cocodrilo dundie da! Zelako labana daukan gerriko uhalean. Eta berehala berbideratu nau. Eskerrik asko! “Danyabad!”
Joder, loramen, behin eta berriz esan digute adi joateko, lasterketa honetako gauzarik zailena markei ondo jarraitzea dela. Lau begi behar dira hemen ez galtzeko! Ez zait berriz gertatuko. Baina esan digute, halaber, oso marka gutxi aurkituko ditugula. Umorea amildu egin zait apur bat. Atzetik neuzkan kideak harrapatu ditut eta nekea areagotzen ari zait. Behin eta berriz sortzen zaizkit zalantzak bidegurutzeetan. Erlojuari begiratzen diot eta 22 kilometro egin ditudala esaten dit, baina zenbat kilometro nahasi naiz? Horren arabera, zenbat luzatuko zait gaurko etapa?
Azken aldapa gogorra da, baina goian ikusten ditut kanpin dendak eta alaitu egin naiz. Oso poliki noa, baina banoa. Lehen etapa amaitzear, loramen! Helmuga igarotzean zain daukat Jordi, lasterketaren zuzendaria: “Muy bien, Ainhoa! Has terminado la etapa mas facil y la mas fea!” Joder, eskerrik asko. Zatarrena hau izan bada, malko asko isuriko ditut bihartik aurrera. Baina errezena hau izan bada, majo sufrituko duzu oraindik, loramen!
Baina helmugako opariek dena edo ia dena sendatzen dute. Baldekada bat ur bero, munduko dutxarik onena bihurtu da. Arroza, patata egosiak, tea eta zopa. Bi platerkada jan ditut. Inguruko katalanak harrituta daude: ”Es que esta es vasca!” Esan diot aitarengatik jaten dudala horrenbeste, badakidalako horrek kezkatzen duela mendira noanero. Hala ere, kontsumoaren balantzari egur pixka bat eman diogu gaur, ariketa fisikoarenari, bai bederen ;-)

2019 11 10 loramen nepal everest trailumeak
Orain, time to rest! Eta lagun berriekin barre egin. Barre asko. Nork esango zidan niri, Dimisen egongo nintzela artikulu hau idazten. Nepalen, 2900 metrora. Liher jolasten egongo da ikastolan, lankide-lagunak lanean, gurasoak eguneroko zereginetan. Eta zu hemen, loramen. Hau irakurrita, lagun batek baino gehiagok hau pentsatuko du: “gracias, ahora vuelvo a mi vida de mierda”.
Beste te bat hartzera noa, eta azken korrikalariari txalo egitera. Nepaldar behi beltzaran batek alderik alde oztopatzen du helmuga oraintxe bertan. Orain eta hemen, Himalaian. Orain eta hemen, nekea, mendia, eta zoriontasuna, besterik ez. Hemen ez dago arazorik.

2019 11 10 loramen nepal everest trail kanpalekua tea

Sanbartolomeak2019

 

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza