Ainhoa Lendinez

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

hitzetaklik iosu juaristi fotoiosuLagun bati erakutsi diot argazkia. Galdetu diot: zer iradokitzen dizu? Erantzun dit: argazkiyan zati nagusiyak, ertzak, kenduz geo, gorputz barruko organoen erretrato bat dirudi. Itsasoak hondarrera eramandako enborra bizitzak gogor kolpatutako gorputza izango litzateke haren ustez, minez dagoen gorputz bat.

Beste lagun batek hauxe esan dit: argazki horretan itsasoa da protagonista. Kendu eta eman egiten digu. Azken hilabeteotako itsasaldi zakarrek irentsi dituzten pertsonak zeuzkan agian gogoan, eta gizakiaren utzikeria ere bai: ausart itsasoari iseka egiten, argazki baten truke. Edo gizakiaren handinahia: horma eta hesiekin itsasoaren indarra leundu nahirik beti. Groenlandian egon berri den lagun batek hauxe esan dit argazkia ikustean: Inuitek kayakak oin dala 4000 urte foka azalagaz ta egurragaz iten izin dauriez. Baie ez dekie zuhaitzik!  Itsasoak ekarriteko enborretatik iten izin dauriez! Izugarri gustatu zait bizkainoaren ekarpena. Ederra izango da Groenlandia ere. Ahizpari ere bidali diot argazkia: enborraren kolore gorrixkak sua dirudi. Itsasoak ekarritako enbor hori itsasoan bizia galtzen duten etorkinak, joankinak dira niretzat. Nafar lagun bihotzeko baten iritzia ere jaso dut: naturan indarrak mugik ez tu. Bere ekilibriyua arkitzen du, gizakion lege ta moral guztiyen gañetik. Gizakion beharrik ez tu! Beste lagun nafar bati ere galdetu diot: Rollo ezkorra. Hodeiak eta harea ikusten dira mugituak olatuengatik. Gaixo dago, eta enborrik ere ez du ikusi.

Bataren eta bestearen hitzak irakurtzen ari naizela, pentsatu dut ederra dela lagunak izatea. Haiek botatako ideia bat aukeratu nahi nuen testu hau idazteko, baina ederra iruditu zait denak ekartzea hona. Zeinek bere errealitatetik tartetxoa egin dutelako niri laguntzeko. Badut beste lagun bat, itsaso kontuetan aditua. Hauxe esan dit: hizkuntza asko daude munduan, baina irribarrea unibertsala da. Niri neroni argazkiak zer esaten didan pentsatzen ari naiz, baina kosta egiten zait azaltzea. Itsasokoa baino gehiago, mendikoa naizelako izango da agian. Hurrengo klik-ean saiatuko naiz berriro.

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

 

GUREAN.EUS

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza