Ainhoa Lendinez

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

hitzetaklik fotoiosu aizkorri elgoibarAizkorri da hori, bere handitasunean. Zegama-Aizkorri mendi-lasterketa asteburu honetan izango dela eta, haren inguruan adostu dugu aste honetako Hitz eta klik.

Hiru argazki eman dizkit aukeran Fotoiosuk, bat aukeratu eta haren inguruan idazteko. Ez da erraza izan, zein baino zein ederragoak ziren-eta hirurak. Beste bietan Aizkorri eta Zegama, biak ageri ziren, baina nik argazki hau aukeratu dut. Argazki hau aukeratu dut izugarri basatia delako, Aizkorri bera bezain basatia. Gizakiaren arrastorik ez daukan ingurunea dirudi argazki honetan. Eta badakit Zegama-Aizkorri ez dela ezer Zegama gabe, zegamarren maitasunik gabe. Areago, Zegama-Aizkorri ez da ezer maiatzeko asteburu seinalatuan urtero biltzen diren milaka mendizale gabe. Argazki kamerak, oihuak, jendetza, zarata, koloreak, zapatilak, ikurrinak, kronometroak. Festa. Ertz asko ditu Zegama-Aizkorrik. Ertz asko, baina erdigune bakarra nire ustez: mendia bera. Asteburu honetan zein urteko beste edozein egunetan, Aizkorri beti dago leku berean, beti handi, eder eta basati. Zegama-Aizkorri emozioa da, malkoak, maitasuna, poza. Horixe sentitu dut nik beti maiatzeko asteburu seinalatuan. Baina horixe sentitu dut Aizkorrin izan naizen aldiro ere. Kamerarik gabe, oihurik gabe, ikurrinik gabe. Hango zaldiak, errekastoak, larreak eta loreak, hango kareharrizko ertza, isiltasuna, ikusmira eta lasaitasuna. Aizkorri berez eta beti da liluragarria. Argazki hau aukeratu dut, urteko edozein egunetan ateratakoa izan daitekeelako. Txikitan, gaztetan nahiz orain, mendi horretan bizitakoak ekartzen dizkidalako gogora. Orain bi hilabete, larunbat arrats batez igo nintzen Karakatera. Egunaren azken izpien argitan ikusi nuen handik Aizkorri. Negua zen, eta elurtuta zegoen. Edertasun hark liluratuta, han egon nahirik, hurrengo goizean igo nintzen Aizkorrira, Zegamatik bertatik. Ez kamerarik, ez oihurik, ez ikurrinik. Eta orduan ere, hunkitu egin ninduen. Mendia maite dutenek ulertuko dute zer esan nahi dudan. Ez dadila inoiz mendiaren argia itzali. Ni ere Aizkorrin izango naiz igande honetan, eta ondo bidean, hurrengo igandean ere bai.

Gida komertziala

Gida komertziala 2017

 

GUREAN.EUS

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza