Ainhoa Lendinez

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

korrika ainhoa lendinez fotoiosu elgoibar barren zozoakbeleari"Oin dala 38 urte-edo izan zan. Negua zan. Gaueko ordu txikietan zarata entzun nuan kalian. Leihora urten ta furgoneta baten atzian 6 bat lagun ikusi nitxun korrika, elur maluten azpixan. Ez nakixan ze zan, baina hunkitu in nitzan. Ez zian zoruak, zeoze ai zian eskatzen. Ni erdalduna nitzan orduan”.

Hala kontatu dit amak nola ezagutu zuen Korrika. Handik gutxira hasi zen AEKn, euskara ikasten. Garai hartan hiru bat lagunek zeharkatzen zuten herri osoa, ez zegoelako jenderik lekukoarekin erreleboak osatzeko. Gaur, berriz, metro bihurtu dira kilometroak, gero eta gehiago direlako lekukoa eraman nahi duten euskaldunak.

Aurten herrian egin dut Korrika. Osaba Gotzonekin akordatu naiz ibilbidean, Hasier Etxeberriarekin ere bai. Deustun Euskal Filologian izandako lehen eskolekin. Lehengusina Garazik bizi duen euskarazko munduarekin. Akordatu naiz Berria egunkariko lagun eta lankideek egiten duten lan ezin hobetuzkoarekin. Espetxeetatik eta espetxeetara egunero euskaraz idazten diren gutunekin. Akordatu naiz orain hilabete Maialen Lujanbiok eta Uxue Alberdik euskaraz eta euskaratik egindako hitzaldi bikainarekin. Gogora etorri zait zenbat ikasi nuen orain urtebete, Koldo Mitxelena in memoriam Gasteizko jardunaldietan entzun nuen euskara aberatsarekin. Baina akordatu naiz halaber, lagun ditudan euskaldunberriekin. Haiekin izaten ditudan solasaldi apartekin. Haien ilusioarekin. Kutxidazu bidea Ixabel-ekin. Lorea Agirrek orain bi urte euskarari idatzitako mezu hunkigarriarekin. Baina bereziki akordatu naiz martxoaren 30etik eskuz esku euskararen lekukoa hartzen duten haur, nerabe, heldu eta zaharrekin. Enkarterritik Sakanaraino, Maule, Gasteiz, Iruñea, Azkaine eta Errexil. Munduan hizkuntza baten alde egiten den ekimenik handiena. Eta bakarra.

“Zuek euki ta gero, bizitzan in doten gauzarik ederrena euskera ikastia izan da”. Amak eman zidan niri euskararen lekukoa, eta harekin batera mundu bat. Otxandiotik Iruñera doana gaur; eta bihotzetik ahora egunero.

 

Gida komertziala

Gida komertziala 2017

GUREAN.EUS

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza