Ainhoa Lendinez

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

ainhoa lendinez iosu juaristi elgoibarEz dakit argazkikoa gizonezkoa ala emakumezkoa den, baina berdin da; nik hor emakume bat ikusten dut. Emakume indartsu bat.

Ba al dakizu munduko populazioaren %51 emakumeak garela? Nekazariak, kirolariak, politikariak, ikasleak, irakasleak, etxeko andreak, idazleak, fisikariak, kazetariak, mekanikariak… arlo guztietan egon dira, daude eta egongo dira emakumeak. Itzalera kondenatuta, gizarte matxistak ezarritako harresiak hausten…

Honetaz ari naizela, iazko Gabonetan zer gertatu zitzaidan kontatuko dizuet. Opari bat egin nahi nuen, baina ez diruz ordaintzen den opari bat. Zerbait ezberdina, zerbait berezia oparitu nahi nuen. Niri zer jasotzea gustatuko litzaidakeen pentsatu nuen. Eta horretan nintzela, “Emakumeak, arraza eta klasea” liburua ikusi nuen mahai gainean. Bai, Angela Davisena. Danelerena. Eskafandra taldearena eta emakume guztiona. Eta “emakume iraultzaileak” idatzi nuen bilatzailean. 70eko hamarkadan, Ameriketan, Soledad kartzelan hiru afroamerikar beltz hil zituztela irakurri nuen. Kartzelako guardia bat hilik agertu zen geroago. Mendeku-hilketa hartan parte hartzea leporatu zioten Angela Davisi, “Pantera beltzari”. Leila Khaled palestinarraren irudi bat ere ikusi nuen sarean; burua kefyaz estalita, kalashnikov-a eskuetan eta bala batekin eginiko eraztuna hatz batean. Hegazkin bat bahitu zuen lehen emakumea da Khaled. Hegazkina Tel Avivera zihoan. Frida Kalho mexikarraren bekain sendoek eta biboteak hautsi egin zuten mundu maskulinoak emakumeari buruz eraiki zuen irudia. Simon de Beauvoir paristarrak esan omen zuen emakumea gizarteak eraikitako produktu kultural bat dela. Abortuaren alde lan izugarria egin zuen Frantzian 80ko hamarkadan. Maria Eslodovoska poloniarra (eta ez 'Marie Curie') bi nobel sari jaso dituen lehen pertsona izan zen. Emma Goldman jatorri juduko anarkista lituaniarra “emakume arriskutsu” izendatu zuten AEBetan 1910 inguruan, emakumeen burujabetzaren alde egiteagatik. Amelia Earhart, Rosa Parks, Eva Forest eta Monika Ertl, Che mendekatu zuen dama. Guztien biografiekin bildumatxo bat egin nuen eta horrela osatu nuen Gabonetako oparia. Sekula ez dut halako arrakastarik izan opari batekin, eta sekula ez nau oparitzeak horrenbeste ase. Etxean baditut zenbait kopia oraindik, gizon zein emakume, inork nahi balituzke ere... Zeren liburuetan beti azalduko dira gizonak, baina iraultza emakumeena da.

 

 

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza