Txillarrek aitortza jaso du Slow Food mugimenduan eginiko ibilbideagatik

Barren 2025eko abenduaren 2a

Slow Food Arabak ostalaritzako 27 establezimendu eta 15 finka agroekologiko saritu zituen, barikuan, Gasteizen eginiko ekitaldian; eta Elgoibarko Txillarre baserriak jaso zuen aitortzetako bat, eta Jabi Sarasua sukaldari elgoibartarraren Karmine jatetxeak beste bat. 

Gertuko elikadura, garbia eta bidezkoa sustatzen dituen nazioarteko mugimendu soziala da Slow Food deiturikoa. Hainbat atalez osatutako mugimendua da: Cooks’ Alliance (Sukaldarien aliantza), Slow Food Farms / Food Communities (Nekazarien eta komunitateen sarea), Ark of Taste (desagertzeko arriskuan dauden elikagaiak katalogatzen ditu) eta Terra Madre Network (munduko ekoizle-komunitateen plataforma handia), besteak beste. Gipuzkoan bi ekoizle daude Slow Food Farms sarean sartuta: Madariaga auzoan dagoen (Azkoitia) Arumarrate baserria eta Elgoibarko Txillarre.

Txillarreko ekoizleek azaldu dutenez, nekazaritza birsortzailean jarduteagatik lortu dute Slow Food Farms-eko kide izatea, besteak beste, arraza rustikoko animaliak edukitzeagatik, eta, izurriteak gutxitzeko barazki asoziazio ezberdinak erabiltzeagatik. "Nekazaritza birsortzailean, lurreko materia organikoa aberatsa edukitzea bilatzen da. Horri esker, elikagaiak aberatsak dira dentsitate nutrizionalean. Gaur egun ikerketa asko daude elikagaiak gero eta bitamina, mineral eta antioxidante gutxiago dituztela erakusten dutenak; eta, kontrara, horietako gehiago ageri dira nekazaritza birsortzailea erabilita. Gainera, materia organikoa CO2 xurgatzailea da, eta horrek aldaketa klimatikoa neutralizatzen du", azaldu dute Txillarretik lantzen diharduten nekazaritza ereduaren onurez. 

Txillarre baserriari eta Karmine jatetxeari aitortza

Slow Food Arabak finka agroekologikoek egiten duten lanari aitortza egiteko ekitaldia egin zuen azaroaren 28an Arabako Foru Aldundiaren Jauregi-etxean. 27 ostalaritza-establezimendu eta 15 finka agroekologiko saritu zituzten. “Gaur gure lurra, gure lehengaia, nekazaritza agroekologikoa eta, aldi berean, sukaldariak, gozotegiak, okindegiak… zaintzen dituztenak omentzeko eguna da, produktu horiek biltzen baitituzte janari ona, garbia eta bidezkoa eskaintzeko”, adierazi zuen ekitaldian Slow Food Arabako elkarteko presidente Jose Antonio Arberasek. 

“Slow Food Farms” delakoei dagokienez, Slow Fooden filosofiarekin lerrokatuta daudela gogora ekarri zuen Noemí Aguirrek, Arabako aldundiko foru diputatuak. "Komunitateei laguntzeko, lurra ohoratzeko eta tokiko ekonomiak indartzeko elikagai nutritiboak eskuratzeko filosofiarekin. Ustiategi horiek nekazaritza iraunkorraren etorkizuna gorpuzten dute".

Saritutako ostalaritza-establezimenduen artean dago Gasteizen dagoen karmine jatetxea. Jabier Sarasua eta Maria Escobedo neba-arreba elgoibartarrek martxan jarritako proiektua da Karmine. 

Jabi Sarasua sukaldari elgoibartarra sarietako bat jasotzen.

Saritu guztiak Arabako Foru Aldundiaren Jauregi-etxearen kanpoaldeko eskaileretan.