"Gurea balitz moduan bizi dugu Ibanen erronka, harrapatuta gauzka, eta hori dela-eta, bultzada bat eman nahi diogu bere ahaleginari", azaldu dute trail taldekoek.
Urte bukaerara bitartean astean hiru igoeratarako deialdia egin dute, Fernandezekin batera taldean Karakatera igotzeko. Hona zeintzuk diren egunak: asteartea (18:05), asteazkena (21:15) eta osteguna (18:05). Txarridunako biribilgunetik irtengo dira, eta buru-argia eraman beharko dute animatzen diren lagunek. Zehaztu dutenez, gauez egingo dituzten igoerak atseginak izango dira, behar izanez gero, erritmo lasaiagoetara egokituko dituztelako igoerak. Atzo egin zuten lehen igoera taldean.
Laguntzaile moduan joatera animatzen diren lagunen artean bi zapatila pare ere zozkatuko dituzte, erronka gauzatzen badu. Martitzenetan eta eguenetan joaten direnen artean La Sportiva Prodigio zapatila parea zozkatuko dute, eta eguaztenetan joaten direnek Altra Timp zapatila pare baten zozketan hartuko dute parte.
