2026ko lehen hiruhilekoan hasiko dituzte anbulatorio berria egiteko lanak

Barren 2025eko azaroaren 12a

Merkatu plazako eraikina, ibaialdetik ikusia.

Osakidetzatik jakinarazi dutenez, 2026ko lehen hiruhilekoan hasiko dituzte Elgoibarko anbulatorio berria eraikitzeko lanak. 

Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez, osasun zentro berria eraikitzeko lanak "2026ko martxoan" hasiko dituzte, Merkatu plazako egungo eraikina eraitsi eta gero. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak 7 milioi euro inguru inbertituko dituzte (6.831.349,23 euro), eta ondo bidean, 26 hilabeteko epean amaituko dituzte lanak. Osakidetzak Atxurra Zelaieta Arquitectos S.L.P. eta Bear Arquitectos S.C.P. enpresek osatutako ABEEari esleitu dio eraikin berriaren proiektua idazteko lana, 

Merkatu plaza dagoen tokian eraikiko dute zentro berria, 400 metro koadroko lursailean. Eraikinak sei solairu izango ditu, eta 2.251 metro karratu baino gehiagoko azalera. Esan dutenaren arabera, egungo anbulatorioaren bikoitza izango da. Elgoibarko, Mendaroko eta Soraluzeko 18.000 biztanle inguru hartuko ditu bere gain, eta gaur egun baino zerbitzu gehiago eskainiko dira bertan: besteak beste, emakumeei arreta emateko, esplorazio ekografikorako, fisioterapiarako eta errehabilitaziorako eremu espezifiko berriak izango ditu, eta kontsulta medikoen eta erizaintzako kontsulten kopurua handituko da. Familia-medikuntzako eta pediatriako eremua ere sendotuko dute eta langileentzako bilera bulegoak ere izango ditu. 

Osasun zentro berriak izan dezakeen itxura ikus daiteke bozeto hauetan. (Bear architects)

∞Lotura duten albisteak: