Gipuzkoako Foru Aldunditik jakitera eman dutenez, 2026 hasieran hasiko dituzte errepidea egonkortzeko egiturazko lanak. Obra horiek hasi bitartean, baina, bidea segurtasun eta zerbitzu baldintza egokietan mantentzeko lanak egingo dituzte orain. Aste honetan hasiko dituzte eta azaroan zehar gauzatuko dituzte zorua konpontzeko lanok. Gutxi gorabehera 5.000 metro koadroko azaleran egingo dituzte konpontze lanak, eta zoladura 3 eta 8 zentimetro artean fresatuko dute. Fresatze lanen ostean, nahasketa bituminosoko geruza berri bat zabalduko dute.
Uste zutena baino lan handiagoak
Errepideko zorua hobetzeko lan-sorta aurten egitea aurreikusita zuen Aldundiak, baina lanen azterketa sakonagoa egin zutenean konturatu ziren egonkortze-lanak uste zutena baino handiagoak eta konplexuagoak zirela. Ondorioz, egin beharreko jardueren zati bat birprogramatu eta 2026ra atzeratu zuten; eta, arrazoi beragatik, atzeratu dituzte errepide zati osoan behin-betiko errodadura geruza ipintzeko lanak ere.
Azaroko esku-hartzearen ondoren, 2026an lurra egonkortzeko obrak hasiko dituztela iragarri dute Aldunditik, 726.440,73 euroko aurrekontuarekin. Zehazki, 2+100 eta 3+100 kilometro-puntuen artean gauzatuko dituzte egonkortze lanak, errepideko zorua ondoratuen dagoen bi puntuetan. Horietan mikropilotezko bi pantaila egingo dituzte. Egonkortze horiek amaitu ondoren, errodadura geruza berri bat ezarriko dute errepide osoan.
Lotura duten albisteak:
- Azkarateko errepidea konpontzeko lanak lau hilabetez atzeratu dituzte (2025-06-05)
- Azkarateko errepide zaharra konpontzeko lanak lizitaziora aterako dituzte (2025-03-27)
- 700 sinadura bilduta bukatutzat eman dute Azkarateko errepidea konpontzea eskatzeko sinadura bilketa (2024-11-12)
- Azkarateko errepidea hobetzeko lanak datorren urtean hasiko ditu Aldundiak (2024-11-07)
- Azkarateko errepidea konpontzea eskatzeko sinadura bilketa hasi dute (2024-11-04)
