Oier Araolaza: “Halloween jatorriz euskal festa bat da”

elgoibarren.net 2009ko aza. 2a, 14:24

 
Gehiago edo gutxiago munduko bazter guztietara zabaldu da kultura amerikarra, Estatu Batuetakoa, alegia. Halloween jaia da kultur kolonizazio horren adibide argienetakoa. Oier Araolaza, kazetari eta antropologo elgoibartarrak, baina, ia mundu guztian ospatzen den Halloween festaren jatorri euskalduna gogora ekarri nahi izan du.



 Herriko taberna batzuen inguruetan Halloween gauarekin lotutako mozorroren arrastoak ikus zitezkeen oraindik ere gaur goizean: kalabaza itxurako txapelak, maskara bat edo beste… amerikar kutsuko ohitura, interes ekonomikoagatik bada ere, gurean ere indartzen ari den seinale. Asteburuan ospatu den Halloween jaiaren harira, Oier Araolazak duela bi urteko artikulu bat berreskuratu du Eibarko ...eta kitto! astekarian idatzi duen zutaberako (Kalabaza hutsik). Bertan, Halloween jatorriz euskal festa bat dela argitzen du. Euskalduna bakarrik? Ez, noski, ia Europa osoarena, baina baita Euskal Herrikoa ere. Europako etorkinek eraman zuten Ameriketara, eta hemen ihartzen joan zen neurrian joan zen han sendotzen.

Kalabaza hutsik
Asteburu honetan Halloween ospatzen da mundu erdian. Estatu Batuetan izugarrizko hedapena izan du ospakizunak eta filmeen bidez mundu osora zabaldu da. Gure inguruan ere gero eta ohikoagoak dira Halloween festak taberna eta diskoteketan eta mozorro denda eta txinatar bazarretan egunotan ez da beste konturik.
Ba Halloween jatorriz euskal festa bat da. Euskalduna bakarrik? Ez, noski, ia Europa osoarena, baina baita Euskal Herrikoa ere. Europako etorkinek eraman zuten Ameriketara, eta hemen ihartzen joan zen neurrian joan zen han sendotzen. Eta orain, Amerikarren festa dela pentsatuta hasi gara berriz ere ospatzen. Nortasun gutxikoak gara gero.

Noski, hemen ez zaio inoiz Halloween deitu, Arimen eguna baizik. Toribio Etxebarriak idatzi zuen: “
Animen egunian, oittura zarra zan Eibar-en, jan da eran tabernan eittia moskortu arte. Baita kaleko neska mutillak, alkarregaz, baserrixetan gastaña erriak jatia.”

Mutrikun adinekoek gogoratzen omen dute gaztetan ortuetatik kalabazak lapurtu, hustu eta barruan kandelak jarrita kaleetan, atarietan jartzen zituztela. Badira urte batzuk Mutrikun Arimen egunaren ospakizuna berpiztu zutela: Gaba Beltza izendatu zuten, larunbat gauean finkatu eta izugarrizko indarra hartu du urte gutxitan. Marka da gero gure tradizioak Hollywood-i esker biziberritzea!
...eta kitto!, 2009-10-31

  Lehenago ere idatzi izan du Araolazak honi buruz bere blogean. Ikusi hemen: Axuri beltza eta Mutrikuko Gaba Beltza

 
*Informazioaren iturria: sustatu.com