Medikuek greba hasi dute gaur, estatu marko propioa eskatzeko

Barren 2025eko abenduaren 9a

Lau eguneko grebara deituta daude Osakidetzako medikuak (abenduaren 9tik 12ra), estatu marko propioa eskatzeko. Gaur dute lehenengo eguna. Guardiak 17 ordura murriztea eta lanaldi gisa zenbatzea edo beren lanbidearen arriskuak eta nekagarritasuna aitortzea eskatzen dute funtsean.

Euskadiko Medikuen Elkargoak bat eta Euskadiko Sendagileen Sindikatuak egin dute Espainiar Estatuko medikuen sindikatuekin, eta grebara deitu ditu Osakidetzako profesionalak. "Ez da aldarrikapen apetatsua, ezta korporatibista ere. Justizia sozialaz ari gara. Pillatutako nekeagatik eta baldintza duinen beharragatik hasten dugu greba", zehaztu dute Euskadiko Medikuen Elkargotik. Estatu marko propioa eskatzen dute medikuentzat eta kirurgialarientzat. Salatu dute Osasun Ministerioarekin duten negoziazio mahaian ia ez dagoela medikuen eta fakultatiboen ordezkaritzarik, eta horregatik, mahai propio bat sortzea eskatzen dute, beren eskaerak egin ahal izateko. 

"Herritar guztiek jasotzen duten osasun-arretaren kalitatean eragin zuzena duten lan-baldintza duinen alde borrokatzen diren profesional akituen oihu etsiari emandako erantzuna da greba. Medikuen egoera kritikoa da, eta osasun publikoak bizi duen egoeraren isla baino ez da: lan gainkarga, langile falta, agenda onartezinak eta prekarizazio kezkagarria, profesionalen osasuna zein pazienteen segurtasuna arriskuan jartzen dituena. Urteak dira osasun sistemari eusten diotenen eskaera bidezkoak alde batera uzten ari direla, eta Osasun Ministerioak aurkeztutako Esparru Estatutuaren Legearen aurreproiektuak iraganeko zauriak okertu besterik ez ditu egiten. Horregatik, medikuentzako Estatutu propioa eskatzen dugu", zabaldu dute Gipuzkoako Medikuen Elkargotik. Nabarmendu dute ez dutela pribilegiorik eskatzen, ezpada bermatua izan beharko luketena betetzea: babesten dituen estatutu bat.

Grebarekin batera mobilizazioak ere iragarri dituzte, hiriburuetan. Egunero, elkarretaratzea egingodute Donostiako ospitaleko sarreran, 07:45ean. 09:00ak arteko elkarretaratzeak izango zirela zehaztu zuten atzo, salbu gaur, ordubetekoa zutelako egitekoa, ondoren, eguerdian, Bilbon egingo den manifestaziora joan ahal izateko. 12:00etan hasiko dute manifestazioa, Bilbon. Mendaroko Ospitalean ez dute momentuan elkarretaratzerik egiterik aurreikusita.

Hona hemen, aurkeztu dituzten grebarako arrazoiak