Euskaraz bizi nahi dut flash mob-ak jendez bete zuen Kalegoen plaza

elgoibarren.net 2014ko abe. 4a, 13:30
Euskara plazara eraman zuten hainbat eta hainbat herritarrek atzo, Euskararen Nazioarteko Egunean. Aldarrikapena eta jaia uztartu zituzten Elgoibar eta Mendaroko ikastetxeek goizean, eta arratsaldean Elgoibarko euskaltzaleen elkarretaratzea eta flash mob-a egin zituzten, besteak beste. Euskaraz bizi nahi dut flash mob-a zen aurtengo berrikuntzetako bat eta jendez bete zuen Kalegoen plaza (bideoa eta argazkiak dauzka)

 Iaz hasitako bidetik, aurten ere elkarlanean antolatuko dute Euskararen Eguna Elgoibarko hainbat eragilek eta norbanakok. Urte osoan euskaraz bizi nahi duten lagunak batu dira eta Euskarak 365 egun lemapean horixe aldarrikatu dute: euskara ez dela egun bakarreko kontua.

1706636289708 Euskaraz bizi nahi dut flash mob-ak jendez bete zuen Kalegoen plaza

Euskara geu gara lemapean ekintza ugari antolatu dituzte datozen egunetarako; nagusienak atzo, Euskararen Egunean egin zituzten. Etxeko txikienek Argitxo iratxoarekin berbetan saioaz gozatzeko aukera izan zuten lehenik Kultur Etxeko sotoan, Taupada Antzerki Taldearen eskutik. Elgoibarko Euskaltzaleen elkarretaratzea egin zuten gero Kalebarren plazan. Txarangaren eta dultzaineroen laguntzaz herriko kaleak zehartatu eta gero, Kalegoen plazan batu ziren euskaltzale guztiak. Han, Euskararen aldeko manifestua irakurri zuten bederatzi lagunen artean, oholtza gainetik, (irakurri hemen Euskararen aldeko manifestua PDF). Aldarrikapenen ostean, dantzan jarri zituzten herritarrak. Euskaraz bizi nahi dut! flash mob-a entsegatzen aritu dira hainbat lagun azken egunetan, Josu Mujika koreografoaren aginduetara, eta ikasitakoa praktikan jarri zuten jendez gainezka zegoen plazan. Goiko bideoan ikus dezakezue emaitza.

Argazkiak: Euskararen Eguna Elgoibarren