700 bertsozale inguru batu ziren Elgoibarko Izarraren Eguberrietako bertso saiora

elgoibarren.net 2014ko urt. 2a, 13:52
  San Bartolome parrokia bertsoaren tenplu bihurtu zen egun batez, joan den abenduaren 27an. Piztu zuen ikusminari erantzunez, Herriko Antzokitik parrokiara leku aldatu zuen bertso saioa Elgoibarko Izarrak eta, behingoagatik, bertsolariak izan ziren pulpitutik aritu zirenak. 700 bertsozale inguru izan zituzten aurrez aurre. Lujanbio, Arzallus, Enbeita, Elorza, eta Egañak perla ederrak laga zituzten Elgoibarko saioan, eta horietako batzuek berreskuratu ditugu, Egañak Elgoibarren edertasunari eskainitako hiru bertsoak kasu. Saioa oso-osorik ikusteko aukera ere badago (bideoak eta argazkiak dauzka)

 Bertsolari Txapelketa Nagusien osteko saioetan gertatu ohi den legez, bertso gosez zeuden bertsozaleak eta eserleku bat bera ere ez zen libre geratu San Bartolome parrokian. Lekua hartzeko asmoz ordubete lehenago ere joan ziren zenbait parrokiako atarira. Izan ere, Elgoibarko Izarrak osatutako kartela ez zen edonolakoa, azken hiru Bertsolari Txapelketa Nagusietako irabazleek bat egin zuten-eta Elgoibarko bertso saioan: Andoni Egañak, Maialen Lujanbiok eta joan den abenduaren 15ean txapela jantzi zuen Amets Arzallusek. Igor Elortza eta Onintza Enbeita bizkaitarrek osatu zuten boskotea. Gai-jartzaile lanetan aritu zen Uxue Alberdik gidatu zuen bertso saioa.
  • Saioa oso-osorik jasotzen duen bideoa duzue hemen, eta, baita Andoni Egañak abestu zituen hiru bertso jasotzen dituena eta bertsolari guztien agurreko bertsoen bideoa ere.
•BIDEOAK: