Mirzoevek laugarren garaipena eskuratu du Elgoibarren, hirugarrena jarraian

elgoibarren.net 2012ko abe. 17a, 21:01
 
Jarraian lortzen duen hirugarren garaipena eskuratu du Azer Mirzoevek, Elgoibarko Maisuen Nazioarteko XXII. Xake Txapelketan. Aurtengoarekin lau dira Elgoibarren lortu dituen txapelak, 2006ko ekinaldia ere Azerbaijango xakelariak irabazi zuen-eta. Asko sufrituta lortu du, alabaina, garaipena. Cristian Cruz peruar gazteak estu hartu du Mirzoev azken txanpara arte. (argazkiak dauzka)
 
 


 Torneoa irabazteko faborito nagusienetakoa zen Azer Mirzoev. Azken bi ekinaldiak irabazteaz gain, berak baitzuen ELO maila altuena Elgoibarko Maisuen Nazioarteko Xake Txapelketan parte hartu duten hamar xakelarien artean. Jardunean dauden xakelarien munduko sailkapenean 420. postuan ageri da Azerbaijango xakelaria.
 Iragarpenak bete dira bai, baina ez betetzeko zorian ere egon dira. Izan ere, azken jardunaldira berdinduta ailegatu dira Azer Mirzoev batetik, eta Cristian Cruz, bestetik. Txapelketako azken jardunaldiak, baina, ez du aldaketarik ekarri lehen postuetara. Lehen hiru sailkatuek berdindu egin dituzte euren partidak eta aurrez zuten postuan amaitu dute: Mirzoev garaile, Cruz bigarren eta Viktor Moskalenko hirugarren. Aldiz, Ana Matnadze izan da azken jardunaldiari probetxu gehien atera diona, seigarren postutik laugarrengora egin baitu. Espainiar nazionalitatea duen xakelari georgiarra estreinakoz aritu da Elgoibarren, eta txapelketa oso ona burutu du. Santiago Gonzalez de la Torrek ere maila bikaina erakutsi du txapelketan parte hartzeko gonbidapena jaso zuen azkenetarikoa izan zen arren. Azkenean, bosgarren postuan sailkatu da Nazioarteko Maisu bizkaitarra. Paul Velten frantziar gaztea sailkatu da seigarren. 19 urterekin Torneoko xakelaririk gazteena izan arren, Nazioarteko Maisu gradua eskuratu du Elgoibarren lortutako puntuei esker. Aleksa Strikovic, David Astasio, Nino Batsiashvili eta Patrice Etchegaray sailkatu dira jarraian.
•Sailkapena:
  1. Azer Mirzoev..............6 puntu
  2. Cristian Cruz...............6
  3. Viktor Moskalenko......5,5
  4. Ana Matnadze...... ......5
  5. Santi González............5
  6. Paul Velten...................5 
  7. Aleksa Strikovic............4,5
  8. Nino Batsiashvili;..........3
  9. David Astasio.................3
  10. Patrice Etxegaray...........2
Kerexeta eta Iriondo garaile eskolartekoan
 Elgoibarko Xake Taldeak antolatzen duen xake txapelketan Markel Kerexeta izan da, beste behin ere, irabazlea. Bost garaipen eta berdinketa bat lortu ditu Kerexetak. Paul Fernandez sailkatu da bigarren postuan, lau garaipen eta bi berdinketarekin. Lehen mailan aritu dira biak, beste dozena bat xakelarirekin lehian, 2000 eta 2001 urteetan jaiotakoak guztiak. Gaztetxoagoen mailan hamahiru xakelari aritu dira lehian eta Haritz Iriondo izan da irabazlea, lau garaipen eta bi berdinketarekin. Etxeko txikienen artean xakea sustatzeko asmoz antolatzen du txapelketa Elgoibarko Xake Taldeak. Nazioarteko Xake txapelketan parte hartu duten xakelarien eskutik jaso dituzte sariak.
Argazkiak:

Txapelketan parte hartu duten hamar xakelariak, eserita.

1706637893644 Mirzoevek laugarren garaipena eskuratu du Elgoibarren, hirugarrena jarraian

1706637893737 Mirzoevek laugarren garaipena eskuratu du Elgoibarren, hirugarrena jarraian

1706637893855 Mirzoevek laugarren garaipena eskuratu du Elgoibarren, hirugarrena jarraian

Cristian Cruz, bigarren sailkatua.

Viktor Moskalenko, hirugarren sailkatua.

1706637894159 Mirzoevek laugarren garaipena eskuratu du Elgoibarren, hirugarrena jarraian

1706637894271 Mirzoevek laugarren garaipena eskuratu du Elgoibarren, hirugarrena jarraian

Haritz Iriondo (esk.) eta Azer Mirzoev.

Markel Kerexeta (esk.) eta Ana Matnadze.

Lotura duten albisteak: