Mendaroko sozialistek 1.170.700 euroko kopurua osatzen duten hamazortzi proposamen aurkeztu dituzte Mendaroko Udalean, 2021eko udal aurrekontu proiektua "hobetzeko asmoz". Ospitalerako irisgarritasuna hobetzeko igogailu publiko bat jartzea dela proposamen nagusiena nabarmendu du Maria Jose Telleria zinegotziak.
Elgoibarko EH Bilduk herriko ostalaritzaren egoera aztertzeko mahaia eratzea proposatu du eta horrekin batera ostalariek bizi duten egoera arintzeko hainbat premiazko neurri, besteak beste: zergak eta tasak kentzea, laguntza zuzenak bideratzea eta etxez etxeko banaketarako plataforma sortzea.
Gezurren, deskalifikazioen eta irainen ordez lana, kritikak eta "iritzi arrazoituak eta objetiboak" emateko eskatu die Elgoibarko EAJ alderdiko agintariek gainerako udal taldeei. Jorge Hernando EH Bilduko zinegotziak Facebookeko orrialde batean zabaldutako idatzia eta Elgoibarko Ahal Dugu-Podemosek etxez etxe banatu duen aldizkari batean esandakoen harira egin dute eskaera Elgoibarko jeltzaleek.