EAJk 2.341 boto eskuratu ditu Elgoibarren, eta beraz, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan alderdirik bozkatuena izaten jarraitzen du gurean. Jeltzaleek 744 botoko aldea atera diote bigarren alderdi bozkatuenari, EH Bilduri (1.597 boto lortu ditu). 2012ko hauteskundeetan lortu zituzten emaitzei erreparatzen badiegu, aldea handitu egin da bien artean. Orduan, 2.328 boto eskuratu zituen EAJk, eta 1.959, EH Bilduk.
EAJk 373 boto eskuratu ditu Mendaron, eta 105 botoren aldea atera dio bigarren indarrari, hau da, EH Bilduri. Podemos izan da hirugarren alderdirik bozkatuena, eta babes esanguratsu batekin sartu da, gainera, indar berri hau Mendaron, 144 boto eskuratu baititu, PSE-EEk –laugarren indarra- baino 87 gehiago. Hortaz, gehiengo handia lortu dute Mendaron Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko herritarren erabakitzeko eskubidearen alde dauden hiru hautagaitzon ordezkaritzek. Parte-hartzea %62, 15ekoa izan da.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpaina azken txanpan da eta herriz herri dabiltza alderdietako hautagaiak. PSE-EE alderdiko lehendakarigai Idoia Mendiak Erreminta Makinaren Institutua bisitatu zuen atzo. Gaur, berriz, Mendiaren alderdikideak arrosak banatzen aritu dira Elgoibarko eguenetako azokan.