Herri galdeketak egin dituzten beste herri eta bailara batzuei lekukoa hartu diete gaur Debabarrenan. Itziar, Mutriku, Deba, Elgoibar, Soraluze eta Eibarko Gure Esku Dago batzordekoeek prentsaurrekoa eskaini dute gaur, zapatua, Eibarren, eta galdeketa egiteko eguna zehaztu dute bertan: 2017ko maiatzaren 7a. Egun horretan 16 urtez gorako 46.500 herritarri emango diete hitza.
Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan jarriko den eskultura aurkeztu du gaur, Bilbon, Gogora Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarrok. Joan den udan deitutako ideia-lehiaketa irabazi duen Iñigo Arregi (Arrasate, 1954) eskultorearen lan bat jarriko dute kolunbarioaren sarreran. Kolunbarioa eraikitzeko lanak aste honetan bertan hasi dituzte Olasoko hilerrian.
EAJren Gipuzkoako hautagaien zerrendan bosgarren aurkeztu zuten Irune Berasaluze mendaroarra, eta beraz, legebiltzarkide izango da Berasaluze legealdi berrian, bederatzi lortu dituztelako. Hautagaien zerrenda hortan Maialen Gurrutxaga hamargarren zihoan, eta EAJk Gipuzkoan bederatzi eserleku lortu dituen arren, elgoibartarrak aukera handia du legebiltzarkide izateko. Zain egon beharko da, harik eta Gobernua osatu arte, baina litekeena da Arantxa Tapia sailburu izatea, eta hori hala gertatuz gero, zerrendako hamargarrena pasatuko litzateke legebiltzarkide izatera, alegia: Maialen Gurrutxaga.