Elgoibarko Udalak eta Taupada antzerki taldeak jarri zuten abian egitasmoa, kultura sustatzeko asmoz. Irailean interpretatu zuten aurreneko antzezlana, Bainuetxea, eta datozen hiru hilabeteetan beste hiru ikuskizun izango direla aurreratu dute. Aita Agirreko Kultur Kafean izango dira denak, eguenetan, 20:30ean hasita.
Liburutegien Nazioarteko Eguna da urriaren 24a eta horren aitzakian, ipuin-kontaketa saioa antolatu du Mendaroko Udalak, eguenerako (urriak 22). 4-8 urte bitarteko haurrentzako saioa da, eta sarrerak liburutegian eskuratu behar dira, doan.
Zuzendari bila dabil Zumarragako Musika Banda, eta aukeraketa prozesu bitxia jarri dute abian: Zuzendari izateko galbaea pasa duten lau hautagaiek kontzertu bana eman beharko dute bandarekin eta musikariek erabakiko dute zeinekin geratu. Iñigo Cearsolo elgoibartarra da hautagaietako bat.
Ondarearen Europako Jardunaldien barruan, antzinako ogibideen erakustaldiak antolatu ditu bigarren urtez Makina Erremintaren Museoak. Iaz grabatzailearen lana erakutsi zuten, eta aurten Ricardo Mediavilla errementariaren eta Martin Sukia abarkagilearen ofizioak ikusteko aukera egongo da zapatu honetan.