Poesiaren Nazioarteko Egunaren harira eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako 'Edertasuna zabaldu' kanpainaren barruan, 'Poesia zeu zara' saioa ondu zuten Pitxintxukoek martitzenean, lau artista eta kulturzaleren laguntzarekin. Maite Lopez Las Heras idazle eta itzultzaileak eta Alex Roldan Bota Literak! gazteentzako idazketa klubeko ikasleak zenbait poema errezitatu zituzten, musikariak lagun hartuta.
'Ez dok ero' antzezlana taularatuko dute domekan San Agustin kulturgunean, 18:30ean, eta doan izango da. On Mikelote eta Pantxo aktore bikotearen amaiera iritsi da, baina Mikelotek ez du onartu nahi. Mikel Martinez (Tartean teatroa) aktoreak eman ditu obraren xehetasunak.