60 lagunetik gora, Elgoibarko Izarraren Santa Ageda koruetan

Barren.eus 2023ko ots. 2a, 09:49

Bi urtean egin gabe egon ostean, inoiz baino lagun gehiago ibiliko da aurten baserriz baserri kantuan eta eskean Elgoibarko Izarraren Santa Ageda koruetan.

60 lagun baino gehiagok eman dute izena otsailaren 4an, Santa Ageda Bezpera Egunean, Elgoibarko Izarrarren Santa Ageda koruetan santa eskean aritzeko. Aurten, estreinakoz, ohiko bi taldeak beharrean hiru talde osatu dituzte, familiena hirugarrena. Guztien artean Elgoibarko lau baserri-auzotako etxeak koplatuko dituzte.

Nagusien bi taldeak 9:00etan bilduko dira Kalegoen plazan; familiena, berriz, 11:00etan. Bi taldeek 15:00ak aldera arte jardungo dute kantuan eta eskean, eta gero denek batera bazkalduko dute Idotorbeko elkartean.
Sei koplarik jardungo dute kantuan Elgoibarko baserri atarietan: German Meabebasterretxea, Zabier Arrizabalaga 'Ziarda', Juan Mari Areitio, Uxue Alberdi, Juan Jose Eizmendi "Loidisaletxe II", eta Ane Labaka. Horiei laguntzeko, berriz, hiru trikitilari bikote osatu dituzte: Iñaki Olarte-Aitziber Larrañaga, Ander Agirrebeña-Agurtzane Mujika eta Naroa Iriondo-Lorea Iriondo-Leire Uranga-Eider Arizmendiarrietak osatutako trikitilari taldea. Azkenik, koruak osatzeko, 40 lagunetik gora bilduko dira.
Otsailaren 4a egun berezia da Elgoibarko Izarrako Santa Ageda taldearentzat, eta pandemiak behartutako bi urteko etenaren ostean (2020an irten ziren azkenengoz), aurtengoan ez diote huts egingo ohitura zaharrari.

∞Lotura duten albisteak: