Kopla zaharrak ahoan eta makila eskuan ibili ziren Etxegina taldekoak Elgoibarko kale eta auzoetan

Barren.eus 2016ko ots. 8a, 11:14

Etxegina taldearen koplak, salbea eta makil hotsek girotu zituzten Elgoibarko kaleak eta auzoak, joan den zapatu goizean. Kalera mozorrotuta irten ziren hainbat herritarrekin egin zuten topo santa eskean aritu ziren lagunek, inauterietako zapatua izan baitzen. (argazki bilduma dauka)

Hego haize bolada indartsuekin, baina zerua oskarbi zela aritu ziren santa eskean Etxegina taldekoak zapatuan. Hain zuzen Etxegina taldearen santa eskea izan da aurtengo azkena Elgoibarren eta Mendaron. Aurreko asteburuan irten ziren santa eskean Mendaron eta Santa Ageda Bezpera egunean aritu ziren eskean Elgoibarko Izarrako Santa Ageda taldeak, baserriz baserri; eta, kaleetan ikastetxeetako eskola-umeak. 

•1.400 euro Caritasi

Azken urteotako ohiturari eutsiz, Bolatokiko parkean batu ziren Etxegina taldekoak. Han, ohorezko bi makila banatu zizkieten Fernando Etxeberriari eta Edu Urangari. Gero, taldea bitan banatu zuten herriko auzoetara joateko. Kepa Urain aritu zen koplatan batean eta Jesus Urizar bestean. Urazandin elkartu zen taldea berriz, eta San Lazaro egoitzatik pasa ostean, erdiguneko kaleetan aritu ziren kantuan eta eskean. Errosarioko Amabirjinaren irudi aurrean salbea abestuz amaitu zuten aurtengo santa eskea, eta handik Baltasar elkartera joan ziren bazkaltzera. Elgoibarko kaleak eta auzoak koplatuz jasotako diru guztia, 1.435 euro Caritasi emango diote. 

2016 02 06 etxegina santaeskian soarte

German Uriguen Etxegiñari zor dio taldeak izena, bera hasi baitzen 1925ean kaleko Santa Ageda eskearekin Elgoibarren. Ermuan jaio zen, gaztetatik zaletu zen bertsotara eta bere bertsorik ezagunena, gaur egun oraindik abesten den salbea da, 17 urterekin lehen aldiz Ermuan kantatua. 1980ra arte aritu zen koplari eta 1981ean Kepa Urainek hartu zion lekukoa.