“Aizkora Hotsak goi mendietan” dokumentala emango dute barikuan Mendaron

Barren.eus 2022ko ira. 28a, 12:37

Ernesto Ezpeleta “Bihurri” aizkolari mendaroarrak eta Alex Txikon mendizaleak Pakistanera egindako bidaia kontatzen duen “Aizkora hotsak goi mendietan” dokumentala emango dute barikuan, San Agustin antzokian, protagonistek eurek aurkeztuta.

Irailaren 30ean emango dute dokumentala, 20:00etatik aurrera. Dokumentaleko protagonista diren Ernesto Ezpeleta “Bihurri” eta Alex Txikon etorriko dira ordubete pasatxoko iraupena duen lana aurkeztera. Gasteizko Mendifilm jaialdian euskerazko filmarik onenaren saria jaso zuen ikusentzunezko lan honek 2011n.

Alex Txikon mendizaleak Pakistaneko G-1, G-2 eta K-2 zortzimilako mendiak igotzeko egindako bidaia road movie moduan planteatu zuten dokumentalaren egileek. Autoan Europa guztia zeharkatu eta Turkiatik Iran eta Pakistan gurutzatuko dituzte, helmugara heltzeko: Felix Baltistan Fundazioa Skardu herrian, Karakorumen erdigunean. Hilabete eta erdiko iraupena eduki zuen bidaiarako erabili zuten autoa bertan utzi zuten fundazioaren arduradunentzat. Bideografik ekoiztetxeko kideek Alex Txikon, Ernesto Ezpeleta 'Bihurri' eta Xabier Errogaz egindako bidaia kontatzen dute dokumentalean.

2022 09 28 aizkora hotsak mendietan kartela mendaro