Goizargi gospel taldearekin batera emango du kontzertua Elgoibarko Udal Musika Bandak ekainaren 18an

Barren.eus 2022ko eka. 14a, 19:54

Orain urte batzuk hasitako ohiturari jarraipena emanez, kontzertu berezia emango du Elgoibarko Udal Musika Bandak, oraingo honetan Gospel talde batekin batera.

Goizargi Gospel Choir taldearekin batera ariko da zapatuan Elgoibarko Udal Musika Banda Kalegoen plazan, 22:30ean hasita.

Euskal Herriko hamabi gospel kantarik osatzen dute Goizargi gospel taldea eta Ramon Scalek zuzentzen du. Eskarmentu handiko zuzendaria da Scale eta nazioarteko gospel abeslari ezagunekin egin izan du lan. Gaur egun, Bartzelonako Gospel Messengers gospel taldea, Manresako Esclat Gospel Singers taldea eta Bartzelonako Lizeo kontserbatorioko gospel abesbatzak zuzentzen ditu eta 2005az geroztik Gospel Rajadell nazioarteko campuseko zuzendari pedagogiko eta artistikoa ere bada. Piano-jolea eta moldaketagilea da izatez Scale eta Chucho Valdes, Omara Portuondo, Paquito de la Rivera eta Jerry Gonzalez musikari ezagunekin kolaboratu izan du.

Elgoibarko Udal Musika Bandak ere ez du estreinako aldia era honetako kontzertu bereziak edo kolaborazioak antolatzen. 2016ean, esate baterako, Rock gaua antolatu zuten eta herriko musikarekin batera jo zuten Maalan, eta urtebete geroago Celtas Cortos taldearekin batera aritu ziren Kalegoen plazan. 2018an berriro ere Rock Gaua egin zuten Maalan, Alex Sardui, Jon Gurrutxaga, Jon Zabala eta herriko beste hainbat musikariren laguntzarekin. Eman zuten era honetako azken kontzertuan, 2019an, Bandak Parrokiko eta Soraluzeko Ezoziko Ama abesbatzekin batera eman zuen Kontzertu Gaua.

2022 06 14 2019 06 14 kontzertu gaua elgoibar udal musika banda abesbatzegaz 1

∞Lotura duten albisteak: