'Bohemioen kluba' antzezlana ikusteko aukera berri bat, barixakuan

Barren.eus 2015ko abe. 17a, 11:14

Elgoibarko Taupada antzerki taldeak joan den ekainean estreinatu zuen Bohemioen Kluba obra Herriko Antzokian. Barixaku honetan (abenduak 18) antzezlana ikusteko aukera berri bat izango da.

Parisko Montmatre auzoan kokatuta dago Bohemioen Kluba, Bigarren Mundu Gerraren ostean. Melodrama eta umore beltza generoak lantzen ditu obrak, absenta ukitu batekin. 

Herriko Antzokian eskainiko dute antzezlana, barixakuan, 22:30etik aurrera.

Edurne Lasa da obraren zuzendaria, eta Joxe Mari Larrañaga arduratu da argiztapenaren eta musikaren alor teknikoaz. Eta protagonistak, berriz, Elgoibarko aktoreak izango dira; Elgoibarko aurpegi ezagunek emango diete bizia antzezlaneko protagonistei, eta eurak izango dira obrako bohemioak: Iraide Garcia (Madame Edith), Ana Moñux (Odile), Jon Olivares (Evaristede Parny, La Divina abeslaria eta Fabio), Nagore Cid (Lea kazetaria), Iker Mancebo (Filosofoa eta Bernard), Enkarni Migales (Filosofoaren gidaria eta postaria), Sara Iriondo (Antonella abeslaria eta Amadeo marinela), Ainhoa Zapata (Lili eskusoinujolea), Ibai Leon (Maurice modeloa), Daniele Zelaia Cooper (Mixel margolaria) eta Jon Etxeberria (Pierre gudamutila).

 Horrez gain, Taupadako arduradunek eskerrak eman nahi dizkiete Inma Mugerzari, Danele Sarriugarteri, Mikel Olaizolari eta Josemari Lasari egindako ekarpenagatik, eta Iban Urizarri, bere musika erabiltzeko aukera eman dielako.

Azken urteetan hainbat obra taularatu izan ditu Taupadak Elgoibarren: Isladak izan zen 2010ean, Rusini zirkoa 2012an, eta Erotik 2013an. Horrez gain, Arte Eszenikoen Agerraldia ere egin zuten 2013an, musika, dantza, antzerkia eta bertsolaritza esketx laburretan taularatuz.

2016 12 16 taupada bohemioenkluba