Bi sari irabazi ditu Jasone Osorok aurtengo Juul kanpainan

Barren.eus 2021ko ira. 27a, 12:49

Nafarroako Ikastolen Elkarteak antolatzen ditu Juul sariak, ikasleen artean irakurzaletasuna sustatzeko, baina Euskal Herri osoko ikastoletako ikasleek aukeratzen dituzte liburu eta ilustratzaile gustukoenak, euren botoekin. Jasone Osororen bi liburu saritu dituzte aurten.

Lizarrako Julian Romano musika eskolan egin zuten sari banaketa ekitaldia, joan den irailaren 22an (Youtuben ikus daiteke zuzenean eman zuten ekitaldia https://youtu.be/1kDoWhdkYN8?t=840)

Euskal Herriko ikastoletako ikasleek apirilean egin zituzten Juul 'hauteskunde literarioetan' aukeratu zituzten gogokoen izan dituzten liburuak eta ilustratzaileak. Adinka banatutako sei kategoriatan hamabost liburu saritu zituzten, horiek izan ziren boto gehien jaso zutenak, alegia. Era berean, bost ilustratzaile gogokoenak aukeratu zituzten euren botoekin. (ikus irabazle guztiak -PDF-)
Saritutako liburuen artean daude Jasone Osoro Igartua elgoibartarrak idatzitako bi: Maddiren amona influencerra (Alai) eta Eskularru Beltzak (Elkar). Lehena, Go!azen bildumako liburua, 10 eta 12 arteko umeen artean boto gehien jaso dituena izan da. Eskularru Beltzak, berriz, 12 eta 16 urte bitartekoen artean gogokoena izan da. Honakoa ez da Osorok sari hauetan jaso duen estreinako aldia, orain arte egin diren 23 ekitaldietan hamazazpi aldiz saritu baitute (Juul kanpainan saritutako Jasone osororen liburuak -PDF-).

"Asko maite dudan saria da, irakurle gazteen errekonozimendua eta kariƱoa jasotzen ditudalako", esan du Osorok.
Saritutako Osororen bi liburuak ilustratu dituzten ilustratzaileek ere saritu zituzten aurtengo Juul sarietan; Maddiren amona influencerra liburuaren ilustratzailea izan den Alai Zubimendi (goiko argazkian), eta Eskularru beltzak saileko ilustratzailea den Joseba Larratxe Josevisky.

2021 09 27 juul sariak lizarra sarituak