Kubako eta Zeelanda Berriko doinuak ekarriko ditu Nazioarteko Folklore jaialdiak, uztailaren 24an

Barren.eus 2015ko uzt. 17a, 10:23

Haritz euskal dantzari taldeak antolatuta, Nazioarteko Folklore Jaialdia izango da Elgoibarren uztailaren 24an, eta ekimen horri esker, munduko beste herrialde batzuetako dantzak eta musika ezagutzeko aukera izango dugu. Aurten Kubako eta Zeelanda Berriko folklorea ekarriko digute Elgoibarrera. Nazioarteko musika eta dantzekin batera, Elgoibarko Haritz dantza taldeak ere hartuko du parte. Jaialdia 22:30ean izango da, Olaizaga kiroldegian. Sarrera doan izango da.

• Camagua (Kuba)

Kubako Camagua taldea 2011n sortu zen, 1981ean Fernando Medranok sortutako Maragu·n elkartetik, izan ere, elkarte hartan aritzen ziren gaur egun Camaguan dauden musikari eta dantzari gehienak. Camagua taldeak Kubako doinu tropikala Afrikako ekarpenekin uztartzen du. Irribarre zabalak, eta bereziki, Karibeko tradizioan murgiltzeko aukera eskainiko digute, ikusi eta entzutekoak izango diren doinuekin.

• Nga uri te Wai-o-taiki (Zeelanda Berria)

Zeelanda Berriko talde maoriarrak bere herrialdeko kultura eta tradizioak ezagurazten ditu dantzaren bidez. Lurrarekin lotura handia du taldeak: taldekide gehienak jaio eta hazitako tokiaren inguruan dagoen ibaiarekin dute lotura, eta handik hartu zuen taldeak izena. Literalki ondorengoa esan nahi du: Wai-o-taikiren ondorengoak. Taldekideek instrumentu indigenak erabiliko dituzte euren musiketan, eta herrialdeko kultura-aberastasunean oinarritutako kanta eta dantzak eskainiko dituzte.

2015 07 15 folklorejaialdia zeelandaberria

• Haritz EDT (Elgoibar)

Inork ez zuen gogoratzen Axuribeltza Jaiurrietako neskendantza 1969an. Marian Arregi eta Juan Antonio Urbeltz Zaraitzuko adinekoei galdezka aritu ziren, baina eskuartean zuten partituraz aparte, ez zuten besterik aurkitu. Inguruetako herrietako dantza tradizioetan oinarrituta birsortu zuten dantza, eta aspaldikoa delakoan dantzatzen dute Jaiurrietako neskek. Haritz dantza taldeko neskek jaialdiaren lehen zatian dantzatuko dute.

Zaraitzun bertan, Otsagabian egiten diren dantzak eskainiko dituzte taldeko mutilek. Pasacallea, Jota, Modorro, Katxutxa... Otsagabiako dantzariekin eurekin prestatu dituzte dantza horiek. Eta jaialdiari amaiera emateko, Lapurdiko dantzak egingo dituzte: Makeako sokadantza, Xinple, Marmutx, makildantza, Gabota...