Aita Agirre eraikina berrantolatzeko proiektua ezagutarazteko webgunea zabaldu du Udalak

Barren.eus 2017ko urt. 16a, 21:27

Elgoibarko Udalak Aita Agirre eraikina birgaitzea erabaki zuen, eta sortu nahi duten ekipamendu berrian kultur jarduerarekin zerikusia duten erabilerak egin asmo dituzte. Orain arte eman diren eta emango diren pausoen inguruko informazioa eta dokumentazioa (planoak, infografiak, fotomuntaiak, e.a) webgune batean bildu dituzte.

Aita Agirre eraikinaren birgaitzean interesa dutenek, horrenbestez, www.aitaagirre.net webgunean eskuratu ahal izango dute informazioa. Eerabilera berrietarako erabiliko diren espazioak moldatzeko eta birbanatzeko obrak zehazten ditu web orriak. Elgoibarko Udalak nabarmendu duenez, proiektuaren inguruko iritziak emateko aukera ere badago, “balorazioak” izeneko atalean.

Aita Agirre prozesu parte-hartzailearen baitan, “proiektuaren jarraipen zehatza” egiteko aukera eskaintzeko helburuarekin zabaldu dutela webgunea azaldu dute Udal arduradunek.

Gune polibalente eta malguak
Eraikinak Aita Agirre plaza du, aurrez aurre. Eraikin honek, bestalde, egitura simetrikoa duten fatxada eta teilatua ditu, hain zuzen ere, mantendu eta eraberritu egin behar direnak. Era berean, eraikinaren barrualdean, hainbat esku-hartze egingo dira programaren premiei erantzungo dieten gune polibalente eta malguak lortzeko.

Eraberritze honekin, eraikinaren efizientzia energetikoa “nabarmen” hobetuko da; eta bidenabar, higiezinaren kontsumoak eta CO2 isurketak minimizatu egingo dira, birgaikuntza jasangarriari jarraiki.

Eraikin historikoa birgaitu egingo da eta atzealdean eranskin berri bat eraikiko da. Bolumen berri bat sortuko da instalazioak eta eskailera multzoak kokatzeko, baita ibiltzeko modukoa izango den terraza bat ere.

• Helburuak
Elgoibarko Udalaren esanetan, Aita Agirre eraikina eraberritzearen helburua Elgoibarrentzat "komunitate-ekipamendu bat" egitea da, bertan, udalerriko kultur jarduerarekin zerikusia duten erabilerak burutu ahal izateko. Hortaz, eraberritze horren izaera “publikoa eta soziala” izango dela azpimarratu dute.

 aita agirre elgoibar fotomuntaia kanpotik∞Lotura duten albisteak: