CD Elgoibarren zuzendaritzaren etorkizunak ilundu ditu klubaren emaitza onak

Barren.eus 2022ko eka. 29a, 13:16

Joan zen astean egin zuen CD Elgoibarrek urteko batzar orokorra, eta zuzendaritzako kideek aurkeztutako emaitzak "onak" izan ziren arren, klubaren etorkizunari buruzko zalantzak izan ziren kezka iturri nagusia.

Izan ere, Jon Basurto presidentearen zuzendaritzak kluba lagatzeko asmoa jakinarazi zuenetik hainbat aste pasatu diren arren, oraindik ez dago erreleboa hartzeko talderik. Jon Basurtok argi esan zuen berriro ere datorren urteko denboraldia aurtengoa prestatu duten ilusio berarekin prestatuko dutela, baina beraien lana abenduan bukatuko dutela gaineratu zuen, Gabonetako errifaren zozketaren ostean. Une horretatik aurrera klubak dituen oinarrizko lanak bakarrik egingo dituzte: kuotak kobratu eta fakturak eta entrenatzaileen soldatak ordaindu. Data horretarako erreleborik egon ezean, ezohiko batzarra egingo dute urtarrilean bazkideekin.

• Emaitza onak
Zuzendaritzako kideek bi datu nabarmendu zituzten, batez ere: Batetik, Haundiren denboraldi "bikaina" aipatu zuten. Errege Koparako sailkatzea lortu ez duen arren, taldeak denboraldi "oso ona" egin duela nabarmendu zuten. Besetik, Erregional taldearen eta Ohorezko Infantil Txikiren igoerak ere aipatu zituzten. Gainerako taldeetan denetarik izan da aurtengo denboraldian, baina oro har klubak izan duen hazkundean jarri zuen begia zuzendaritza taldeak, eta hazkunde horretan entrenatzaile taldearen lana garrantzitsua izan dela aipatu zuten, Futbol Eskolatik Haundira arteko jokalariak hezteko gaitasuna dutela nabarmenduz. Datorren urtera begira talde hori indartu egingo dute, alebin mailako eta emakumezkoen taldeko koordinatzaile postuak sortuz. Jose Mari Laderak eta Itziar Gurrutxagak beteko dituzte postu horiek.

Ekonomiari dagokionez, 209.662,26 euroko gastuak 210.869,28 euroko sarrerak aurkeztu zituzten, beraz, aurten 1207,02 euroko irabaziak izan ditu klubak.

Gastuen artean hauek nabarmendu zituzten:

  • Soldatak (66.580 euro)
  • Primak (26.400 euro)
  • kirol materiala (25.266 euro)
  • kilometrajeak (19.450 euro)
  • Federazio gastuak (16.486 euro)
  • Arbitrajeak (12.649,89 euro)
  • Autobusak (12.004 euro)

Sarreretan, berriz, ondorengoak:

  • Errifak (49.942 euro)
  • Bazkide-kuotak (41.384 euro)
  • Inskripzioak (39.750 euro)
  • Publizitatea (30.995 euro) 
  • Realarekin duten hitzarmena (25.407,68 euro)

Gaur gaurkoz CD Elgoibarrek 98.967,62 euroko ondarea dauka.