Iker Izagirrek bi pilota txapelketa irabazi zituen aurreko asteburuan

Barren.eus 2022ko eka. 29a, 13:29

Lazkaoko LAPKE pilota elkarteko kide den Iker Izagirre elgoibartarrak bat ez bi txapel bururatu zituen aurreko asteburuan.

Batetik, eskuz banaka lau t'erdiko Gipuzkoako Txapelketako finala jokatu zuen, barikuan, Lazkaoko Joxe Miel Barandiaran pilotalekuan. Izagirrek Azpeitiko Ilunpe taldeko Iker Otaegi izan zuen aurkari kadeteetako Lehen Mailako finala izan zenean, eta 16-22 gailendu zen elgoibartarra. Hortaz, bera da Gipuzkoako txapelduna.

2022 06 24 iker izagirre gipuzkoa txap lauterdian 1maila

Bigarren txapela, berriz, domekan eskuratu zuen Izagirrek. Kasu honetan taldearekin, bakarka beharrean. Izan ere, afizionatu mailako pilotarien artean entzute handia duen Berria Txapelketa irabazi zuen Lazkaoko LAPKE taldearekin. Hiru hilabete pasako lehiaren ondoren, Euskal Herriko bi pilota elkarterik onenak elkarren aurka aritu ziren finalean, Hernaniko Udal pilotalekuan. LAPKE Lazkaoko klubak nagusitasunez irabazi zion finala Tolosako taldeari, eta lehen aldiz jantzi zuten txapela. Finaleko hiru partidak irabazi zituen Lazkaok. Izagirrek kadeteen mailako neurketa jokatu zuen, Ibarluzearekin bikotea osatuz, eta 22-4 irabazi zieten Tolosa eta Castro tolosarrei. Gazteetan, LAPKEko Zubizarreta-Telleriak 22-19 irabazi zieten Amondarain-Gabirondori. Eta, azkenik, nagusietan, Senar-Garmendiak 22-5 irabazi zien Elola-Aizpururi. Finalean bakarrik ez, txapelketa osoan nagusi izan dira lazkaotarrak, partida bakarra galdu batute txapelketa osoan.

2022 06 26 Berria txap irabazle LAPKE Lazkao klubeko pelotari entrenatzaile eta koordinatzailea

Berriak zuzenean eman zituen finaleko hiru partidak. Hemen ikus ditzakezue::