Auto telegidatuen Espainiako txapelketako proba jokatuko dute Ospas Gainen

Barren.eus 2022ko eka. 23a, 09:54

Mendaroko Ospas Gain zelaian dagoen zirkuitoan jokatuko dute, asteburuan, Espainiako auto telegidatuen B txapelketako bigarren proba puntuagarria, eta elgoibartar batek hartuko du parte.

Mendaron jokatuko dutena 1:8 TTGAS kategoriako autoentzako txapelketa izango da. Albaceten jokatu zuten probarekin hasi zuten Espainiako Txapelketa eta bigarren proba puntuagarria izango da Mendarokoa. Hirugarrena Madrilen jokatuko dute.

Zapatuan, 9:00etatik 19:00ak aldera arte, entrenamentu libreak eta kronometrajea egingo dituzte. Domekan finalak jokatuko dituzte, 9:00etatik 15:00etara. Guztira 55 pilotu lehiatuko dira AVAR-Eztanda klubak antolatuko duen proban, tartean elgoibartar bat, Altzolako bizilagun Alex Gonzalez. 9 urte besterik ez dituen arren, iaz Espainiako txapeldun izan zen juniorretan, 16 urtetik azpiko kategorian.

Ospas Gain futbol zelaia egon zen lekuan dago auto telegidatuentzako zirkuitua. Trazatuak 260 metro inguru ditu eta autoek 30 bat segundo behar izaten dituzte itzuli bat osatzeko. Ibilbidean hamalau bihurgune eta dozena erdi jauzi gainditu behar dituzte autoek. 72 piloturentzako dago prestatuta AVAR-Eztanda klubak kudeaytzen duen Ospas Gaineko zirkuitua.

2022 06 23 ospas gain zirkuitua auto teledirijituak

2022 06 23 auto teledirigituak ospas gain mendaro avar eztanda1