Tenis eta padel txapelketako finalak jokatuko dituzte zapatuan

Barren.eus 2015ko uzt. 1a, 10:40

40 + 15 Tenis eta Padel elkarteak antolatu duen Elgoibarko tenis eta padel txapelketa azken txanpan sartu da. Zapatuan jokatuko dituzte finalak Mintxetan. Tenislari profesionalen arteko erakustaldi partida ere antolatu dute antolatzaileek.

Elgoibarko VIII. Tenis eta Padel Txapelketako final-laurdenak eta final-aurrekoak jokatzen ari dira parte hartzaileak asteon Mintxetan. Finalak, berriz, zapatuan (uztailak 4) jokatuko dituzte, 10:00etatik aurrera. Emakumezkoen padel finala jokatuko da lehenik. Gero, 10:30ean, giznezkoen tenis finala hasiko da eta gizonezkoen padeleko finala 11:15ean hasiko da.

• Tenislari profesionalen erakustaldia

Sari banaketa ekitaldia 12:45ean izango da eta sariak banatu ostean erakustaldi partida jokatuko dute Euskal Herriko hiru tenislari profesionalek: Orozkoko Arkaitz Mazarbeitia, Ondarroako Jonathan Taborcia eta Gasteizko Ivan Rodrigo. Azken hau, Ameriketako Estatu Batuetara joan zen 15 urte zituenean eta Pete Sampras txapeldun handiaren ikasle ere izan zen. Munduko tenislarien ATP sailkapenean 380. postuan egotera iritsi zen 21 urte zituela eta Winbledon txapelketako aurre sailkapen fasean ere lehiatu zen orain urte batzuk. Arkaitz Mazarbeitia, berriz, behin baino gehiagotan izan da Euskadiko txapeldun eta Rafa Nadalen aurka jokatzeko aukera ere izan du, Barakaldoko BECen grabatu zuten iragarki baterako izan bazen ere.