Euskal Herriko Itzulia Karakatetik igaroko da estreinakoz

Barren.eus 2019ko mar. 12a, 13:35

Apirilaren 8tik 13ra jokatuko den Euskal Herriko Itzulia txirrindularitza probako etaparik gogorrena, azkenekoa, Karakateko malda pikoetatik igaroko da estreinakoz.

Itzuliak eta Euskal Bizikletak berriro bat egitea erabaki zutenetik, 2009an, Eibarren amaitzen da Euskal Herriko Itzulia, UCI ProTour ligaren barruko proba. Aurten amaitzen da, baina, lasterketa Eibarren amaitzeko Itzuliak eta Eibarko Udalak hartutako konpromisoa. Hortaz, hurrengo urtean Itzulia ez da Eibarren amaituko, Eibarrek bere etapa izan dezakeen arren, Eibarko Udalak hala erabakitzen badu. Eibar eta Itzuliaren arteko elkarlan horri omenaldia egiteko azken bi etapak amaituko dira aurten Eibarren. Bietan pasako da Itzulia Elgoibartik.

 • "Karakateko mendatea" berezitasun handiena

Azkenaurreko etapak, bosgarrenak, Arrigorriaga eta Arrateko gaina lotuko ditu. Hurrengo egunean jokatuko den azken etapa, seigarrengoa, izango da Itzuliko bereziena eta gogorrena. Estreinakoz Karakate igoko dutela baieztatu zuten Itzuliaren aurkezpenean. Eibarren hasi eta amaituko den azken etapa motza (118 kilometro) baina gogorra izango da. Etapako bigarren erdian Azurki (6,4 km, %6,8 batez besteko pendiza), Karakate (5,2 km, %8,5) eta Asentzio (7,3 km, %5,1) kateatuko dituzte txirrindulariek. Aurretik Aiastia, Kalbario eta Elorrieta gainak lagako dituzte atzean. "Karakateko mendatea" deitu diotena izango da berritasun handiena: “Maltzagatik Soraluzen sartu eta Ezozi auzoko hormigoizko bidean gora joan beharko dute, Kiruetako bidegurutzera heldu arte. Handik, San Andres auzoan behera jaitsiko dira, Bergara alderantz joateko. Igoeraren erdia asfaltozkoa da eta beste erdia porlanezkoa”. Etapako azken bost kilometroak Eibarren barruan egingo dituzte, Toribio Etxebarria kalean amaitzeko. Etapan pilatutako desnibela aurreko eguneko parekoa da, ia 5.000 metrokoa.

Leire Olaberria, Laiseka, Pedro Horrillo eta Haimar Zubeldia ziklista ohiekin Pello Goikoetxea eta Aranburu elkartu ziren igoeraren zailtasunaren berri izateko eta Euskal Telebistak jaso zituen gero txirrindularien iritziak eta sentsazioak, honako bideoan. Haimar Zubeldiaren arabera portu polita da, igoera erregularra duena, baina gogorra.

Era berean, Markel Oregi txirrindulari soraluzearrak Karakaterako igoera zelakoa izango den azaltzen du Plaentxia.eus-entzako prestatu zuen honako bideo ikusgarrian.