Ehiza familian, egañatarren saga

Barren.eus 2018ko aza. 9a, 15:03

Ehizarako zaletasuna etxetik datorkie mintxetatarrei. Egaña dira abizenez, baiña etxeak eman die izena Joxe Mariri eta haren bi seme-alabei, Arkaitzi eta Leireri. Ehiza xehe txapelketetan makina bat lorpen pilatu dituzte hiruren artean. Ehiza denboraldia hasi eta astebetera bildu zen BARREN aldizkaria egañatarrekin ehizaren inguruan berba egiteko.

Barixaku arratsaldea da, eta Pancorbora (Burgos, Espainia) joateko prestatzen ari dira Joxe Mari Egaña eta emaztea, Juani Bastida. Urriaren 12an zabaldu zuten ehiza-denboraldia eta ez daude denbora galtzeko. Pancorbon dute ehiza-barrutia egañatarrek eta ahal duten guztietan joaten dira. “Ordubeteko bidea dago; gehiagorik ez. Neguan, goizean ardijirak eginda joaten gara”. Irten aurretik hartu gaituzte, etxean, Mintxeta baserrian. 

2018 11 09 egañatarrak mintxeta ehiza elgoibar barren

Aitaren afizioa jaso dute Arkaitz eta Leire neba-arrebek, txoritarako afizioa ume-umetatik izan duelako Joxe Marik. “Akordatzen naiz 7 urterako derrigor harrapatu behar izaten nituela txori txikiak. Hor egoten nintzen hotzak akabatzen, zain. Geratu gabekoa izaten nuen”, oroitu du. “Ehizatik nentorrenean, etxeburuan izaten nuen beti zain. Sekulako afizioa izan du txiki-txikitatik”, dio semeaz. Gazte hasi zen Arkaitz aitari segika, eta eskopeta ateratzeko baimena 14 urterekin atera zuen, legez aukera izan bezain laster. 18 urtera arte, hala ere, aitarekin ibili zen beti, baimena izanda ere, adinez nagusi den batekin ibiltzera behartzen duelako legeak, heldutasunera iritsi arte. Bera izan zen, baina, 18 urterekin, egañatarrenean txapelketetarako aurkezteko pausoa eman zuen lehena. Hasiera-hasieratik lehiatu da, eta makina bat lorpen pilatu ditu; handiena, Espainiako Txapelketako lehen postuak [Birritan irabazi du Espainiako Txapelketa, 2012an eta 2015ean].
Leireren kasua beste bat izan da. Iaz atera zuen eskopeta erabiltzeko baimena, urtebetez aita eta nebarekin ehiza-barrutira joaten egon ostean, baina baimena lortu eta txapelketarako aurkeztea dena bat izan zen bere kasuan. “Gustatu beti gustatu izan zait, baina Arkaitzek baino afizio txikiagoa izan dut beti, mendian ibiltzeko beti izan naizelako alfertxoagoa”. Eta aitak ondotik: “Ez nion nik honi ehizarako trazarik hartzen. Hor, kale aldean, erraz galtzen da jendea, eta gauean berandu erretiratuta jai dago goizean goiz jaikitzeko”. Eman zuen pausoa, baina, eta sendo eman ere, baimena atera eta txapelketarako izena ematea dena bat izan zuelako; baita aurkeztu eta txapela janztea ere. Izan ere, Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak bi aldiz irabazi ditu Lan txakurra lagun zuela.
Txapelketak bizi dituzte, baina inoren aurrean ezer erakutsi beharrak baino gehiago betetzen ditu mendira irten eta txoritan ibiltzeak. “Txapelketetan ibiltzea nekagarria da. Neke txarra da gainera, nekatzen dena burua delako”, dio Arkaitzek. Hemen inguruan eta Burgosen, Pancorbon, errenditzen dute bestela ehizarako afizioa, eta familian joan zaleak dira hara. “Orain, epaile lanetan hasi da ama ere. Hirurok joaten garenean hiru epaile behar izaten ditugu, eta ama mendian ibili zalea denez eta bestela ere beti joaten zenez gurekin hara ba... animatu dugu. Txapelketakoa egun ederra izaten da”, esan du Leirek.
Mendizaletasuna ezinbestekoa du ehiztariak. “Ehizara irteten garenean, zazpi-zortzi ordu egiten ditugu hara-hona, eta txapelketetan bost-sei bat ordu bai. Kilometro asko beraz. Hasiera, gainera, oso azkarra izaten da, eta sasoiko egon beharra dago. Atleta izan beharrik ez dago, baina izanez gero, hobeto”, nabarmendu du Arkaitzek. Ehiza-barrutian ertz batetik abiatzen dira ehiztari guztiak, arrapaladan sarri, txoriak dabizen ingurura azkar iristeak dezente erraztu diezaiokeelako egitekoa ehiztariari. Horrek eta txakur ona izateak ere bai.
 • Txakurraren merituak
“%60 txakurrak egiten du”, dio Joxe Marik. Estimutan ditu etxekoak. “Ez da erraza txakur ona lortzea, eta guk hiru ditugu onak orain”, esan du Arkaitzek. Ona izateko, txakurrak zer ezaugarri behar dituen galdetuta ez dute zalantzarik egin. “Berezkoa behar du parte bat, baina ibili ere egin behar da txakurra, ona izango bada. Baina bai, usaimen ona izan behar du, eta esanekoa izan behar da, txoria ikusi eta geldituko dena, uxatu aurretik”, zehaztu du Joxe Marik. Setter ingelesak dira eurenak, ehiza-txakurrak. “Galeper usaina hartzerako zoratu egiten dira bi hilabetekoak ere”. Nolanahi ere, ehizarako dohaia izateak ez dakar ezinbestean txapelketetan ona izatea. “Jende artean ibili behar izaten dute han, eta harrapatu beharreko txoriak ere etxaldeetan hazitakoak izaten dira, beste usain batekoak”.

2018 11 09 egaa mintxeta ehiza familia elgoibar barren

 • Ehizaren kontrako ahotsak
Zanbranan bertan dago etxaldea, eta txapelketa-egunean ehiztariko bi pieza inguru lagatzen dituzte libre goizean goiz. Haiek nork azkarrago bota da jokoa, baina ez dute joko soiltzat ehiza. Jakin badakite entzute onik ez duela egiten dutenak eta inoiz baino ozenago entzuten direla ehizaren kontrako ahotsak, baina ez daude ezkutatzeko. “Eperrak hiltzen ditugu, bai, baina botatako guztia jaten dugu. Harategian oilaskoa erosi duenak ere jakingo du ba oilasko hori gusturago egongo zela oilategian, ala?. Baina oilaskoak ere hil egiten ditugu, jateko. Hegaztiak eta mendia guk baino gehiago estimatzen duenik nekez egongo da”, esan du Leirek. “Ehiza sasoia ez denean ere sarri joaten naiz ni Pancorbora eperrak eta galeperrak ikustera eta haiei argazkiak egitera. Hegaztiak eta haien ugaltze-sasoiak ere zaintzen ditugu, geuri interesatzen zaigulako piezak egotea. Txakurrak, txoriak... Animalia zale handienak geu gara”, gehitu du ondotik Joxe Marik.

Erreportajea osorik BARREN aldizkararen 1095. zenbakian -PDF-

2018 11 09 egaa mintxeta ehiza familia elgoibar barren v1