Michael Oratovsky errusiarrak irabazi du Elgoibarko 26. Maisuen Nazioarteko Xake Txapelketa

Barren.eus 2016ko abe. 20a, 15:37

Eguerdian amaitu da Elgoibarko 26. Maisuen Nazioarteko Xake Txapelketa, sei eguneko lehiaren ostean. Michael Oratovsky xakelari errusiarrak lortu du garaipena bere estreinako parte hartzean.

Elgoibarrera zetorren lehen aldia izan arren sentsazio onak zituela adierazi zuen Michael Oratovskyk aurtengo xake txapelketaren aurkezpenean, joan den eguaztenean. Gaur, garaipena eskuratu ostean, pozez gainezka zegoen. “Partidak zozketatzeko garaian laugarren zenbakia tokatuko zitzaidala amets egin nuen eta halaxe suertatu zitzaidan. Hasieratik susmo onak eman dizkit txapelketa honek”.  Sei puntu eta erdi eskuratu ditu Israelgo federazioko kide den Oratovskyk, herrialde horretako nazionalitatea tramitatzen ari baita. Honakoa ez da aurten lortu duen lehen garaipena. Concello De Rianxoko txapelketa, Reinosakoa eta Valentziakoa irabazi ditu eta beste sei txapelketatan bigarren postuak eskuratu ditu.

• Maisu Handiak lehen lau postuetan
Irabazlearekin batera, bi xakelari serbiarrek osatu dute podiuma, Aleksa Strikovic-ek (6 puntu) eta Sirisa Drazic-ek (5,5 puntu). Karen Movsziszian armeniara sailkatu da laugarren postuan, 5,5 punturekin. Honenbestez txapelketan parte hartzen ari ziren lau Maisu Handiak sailkatu dira lehen lau postuetan. Paul Velten eta Ider Borya (iazko txapelduna) frantziarrak sailkatu dira bosgarren eta seigarren postuetan. Sabrina Vegak kanariarrak lortu du zazpigarren postua, Ismael Teran sevillarra sailkatu da zortzigarren postuan eta Santiago Gonzalez de La Torre bilbotarra eta Gustavo Barrenetxea elgoibartarra sailkatu dira bederatzigarren eta hamargarren postuetan.

• Eskola Kiroleko irabazleak
Eskola Kiroleko xake txapelketa jokatu zuten xakelari gaztetxoek joan den zapatuan, eta gaur jaso dituzte sariak. 2007-2008 urteetan jaiotako haurren mailan, Jon Martin izan da irabazlea eta Julen Iranzo txapeldunordea. 2005-2006an jaiotakoen artean, berriz, Hodei Kerexeta gailendu da eta Andrey Medvidek egin du bigarren.

nazioarteko xake txap elgoibar taldearg

 nazioarteko xake txap elgoibar umeak

nazioarteko xake txap elgoibar txapelagaz

nazioarteko xake txap elgoibar oratovsky

nazioarteko xake txap elgoibar barrenetxea

nazioarteko xake txap elgoibar sabrinavega

nazioarteko xake txap elgoibar strikovic kerexeta

nazioarteko xake txap elgoibar sevillarra

nazioarteko xake txap elgoibar paulvelten

nazioarteko xake txap elgoibar borya