Gau krosa jokatuko dute zapatu iluntzean Elgoibarko kaleetan barrena

Barren.eus 2016ko ira. 22a, 17:35

Mintxeta atletismo taldeak antolatuta, 7. Gau Kros herrikoia jokatuko da zapatuan (irailak 24), Elgoibarko kaleetan.

VII. Gau Kroseko parte hartzaileak herriko kaleetan barrena arituko dira antxitxikalariak, 7,5 kilometroko ibilbidean, Kalegoen plazan hasi eta bertan bukatuz. Izen-emateak kirolprobak.com webgunean egin daitezke. Momentuz 68 lagunek eman dutela izena aurreratu dute antolatzaileek. Izena eman dutenek barixakuan (irailak 23), jaso ahal izango dituzte dortsalak eta txipa Sanloren garagardo azokan, Maalako parkean, 18:30etik 20:00etara bitartean. Aurrez izena eman ez dutenek zapatuan aukera izango dute Kalegoen plazan 17:30etik aurrera, 15 euro ordainduta.
Amaieran hainbat sari zozketatuko dituzte. Iaz 168 lagunek hartu zuten parte, -tartean 74 elgoibartarrek eta lau mendaroarrek-, eta Oier Ariznabarreta durangarra (23:57), gizonezkoetan, eta Gurutze Frades iurretarra (27:19) izan ziren azkarrenak.

Nagusien lasterketa 20:00etan hasiko da. Bestalde, helduenaren aurretik umeen lasterketa ere izango da, 18:30etik aurrera. Ez da aurrez izena eman behar, Kalegoen plazara agertuta nahikoa da.

Gau krosa dela-eta antolatzaileek nabarmendu nahi dute Santa Ana, Trenbide, Bernardo Ezenarro, Ermuaranbide, Gabriel Kurutzelaegi, Pedro Mugurutza eta Pedro Migel Urruzuno kaleak moztuta egongo direla 20:00etatik 21:00etara bitartean.

 gaukrosa 2015 2 elgoibar