Herri Urratserako autobusa antolatu dute Mendarotik

Barren.eus 2022ko mai. 3a, 12:45

Maiatzaren 8an Senperen egingo duten Iparraldeko ikastolen aldeko jairako autobusa antolatu du Mendaroko Arno Guraso Elkarteak.

Domekan irtengo da autobusa estaziotik, 9:00etan, eta 19:00etan izango da handik itzulerakoa. Prezioa hamar eurokoa izango da, eta izena emateko azken eguna ere zehaztu dute: maiatzaren 5a. Izena emateko hiru bide daude: whatsappez (615 624 599), telefonoz (652 764 499) edota emailez (arnogurasoelkartea@gmail.com). Gutxieneko kopuru bat egongo da.

 • "Itzulera" leloa, eta programa oparoa
Herri Urrats, Ipar Euskal Herriko ikastolen festa, Senpereko aintzirara itzuliko da, bi urtez ohiko jaialdia egin gabe egon eta gero. Hain justu ere, "Itzulera" izango da aurtengo leloa. Herri Urratseko aurtengo etekinak Seaskaren bosgarren kolegioa zabaltzeko izango dira. Senperen bertan eraikiko dute ikastetxea, eta datorren urteko ikasturterako prest eduki nahiko lukete.
Ohi moduan, Senpereko aintziraren inguruan kokatutako lau gune nagusi izango ditu jaiak: Araba, Lapurdi, Nafarroa eta Gipuzkoa guneetan. Programa oparoa antolatu dute aurtengorako ere.

2022 05 02 herri urrats 2019 kontzertua