Mendaroko Udalak arduraz jokatzeko deia egin die mendaroarrei Covid-19aren hedapenaren aurrean

Barren.eus 2021ko uzt. 23a, 13:50

Santa Ana jaiak izango lirateke protagonista Mendaron uztailaren 26aren bueltan, baina Covid-19ak eragindako osasun egoera medio, Mendaroko Udalak eta herriko eragileek erabaki dute jai egunik ez antolatzea. Ordea, kultur ekitaldi sorta izango da aukeran, eta segurtasun eta prebentzio neurri oro bermatuta egongo direla zehaztu dute Udaletik.

Udalak ardura eskaera egin die herritarrei: “guztiok jaietarako gogoa dugu, bi urteren ostean. Baina ez da unea. Zaintzen jarraitu behar dugu eta urruntze soziala bermatzeko neurriak hartu. Gure jaiak ez ditugu ospatuko, baina bai segurtasun eta prebentzio neurri oro bermatuko duten ekitaldi ugari. Pausu bat aurrerago gaude aurten iazkoarekin alderatuta. Goazen aurrera, elkarrekin, baina aldi berean distantzia mantenduz. Ea 2022ak Santa Ana jaiak ospatzeko aukera ematen digun. Aurten, ilusioz, zaindu gaitezen eta elkar babestu dezagun”, adierazi dute.

Indarrean dagoen araudia gogorarazi du Udalak: "maskararen erabilera derrigorrezkoa espazio itxietan, eta gomendatua eremu irekietan, gehienez sei pertsonako taldeetan bildu, barruko espazioa etengabe aireratu, eta sintomak izanez gero konfinatu eta osasun etxearekin jarri harremanetan".
 • Errietan taldearen kontzertua, bertan behera
Udalak adierazi du, antolatu duten kultur egitarauaren barruan uztailaren 25erako programatuta zegoen Errietan taldearen kontzertua bertan behera geratu dela, taldekide batek Covid-19an positibo eman ostean.
Honako kultur egitaraua izango da Mendaron uztailaren 24tik 26ra:

Larunbata, uztailak 24
  11:00 Padel finala (2 partidu), Kirolgunean
  17:00 ‘Nire azalean arrotz eta Leiho zikin garbi’ dantza emanaldia Pilotalekuan
  18:00 DJ PIUS Garagartzan
  20:00 SaiaGoiat kontzertua Garagartzan
Igandea, uztailak 25
  11:00 Puzgarriak eta UR-txirrista Azpilgoetan
  17:00 Emakume Pilota Txapelketako finala eta MTE pilota erakustaldia
Astelehena, uztailak 26
  11:30 Meza Nagusia Azpilgoetan
  12:30 Bertso jaialdia Goñatin: Andoni Egaña, Uxue Alberdi, Sebastian Lizaso eta Eli Pagola. Gai-jartzailea: Amaia Agirre.
  18:00 Las Divas del Soul Goñatin