Kandelaria eta San Blas egunetako bedeinkapenen ordutegiak jakinarazi ditu parrokiak

Barren.eus 2021ko ots. 1a, 11:56

Kandelaria eta San Blas eguneko eliz-ospakizunek jarraitzaile dezente izaten dituzte Elgoibarren, baina aurten ezin izango dituzte ohiko moduan egin.

San Bartolome parrokiatik jakinarazi dutenez, Kandelaria edo Jaunaren Aurkezpenaren jaia ospatuko dute martitzen honetan, "betiere pandemiaren egoerak lagatzen badu". Kandelen bedeinkapena eta meza egingo dituzte 10:00etan San Bartolome elizan. 

San Blas egunaren txanda izango da eguaztenean, otsailaren 3an. 10:00etan bedeinkatuko dituzte San Blas opilak elizan, baina mezarik ospatu gabe. Opilez gainera, lepoko kordelak ere bedeinkatuko dituzte askok Elgoibarren zein Mendaron, eta jantzi ere bai. Tradizioaren arabera, bedeinkatutako kordela janzten duenak urte osoan ez du eztarriko minik izango. Bederatzi egunez jantzi eta gero erre egin behar da.
Gaur egun indarrean dauden neurri murriztaileen arabera, kultu-jardueretako edukiera muga da %35 eta 1,5 metroko tartea mantendu behar da pertsonen artean. Santa Klara komentuan egiten zituzten ospakizunak bertan behera laga dituzte.