San Bartolome ‘ez jaien’ balorazio positiboa egin du Udalak, eta herritarren portaera eskertu du

Barren.eus 2020ko ira. 10a, 12:16

San Bartolome ‘ez jaien’ balantze oso positiboa egin du Elgoibarko Udalak, eta arduradunek herritarren portaera eskertu dute.

Ane Beitia alkatea, Andrea Arriola kultura zinegotzia, Blanca Salegi kultura teknikaria eta Eduardo Arrillaga 'Photo kalean' erakusketaren egileak eman zuten prentsaurrekoa, eta oro har, “zuhurtzia, sen ona eta jokabide arduratsua” nagusitu direla nabarmendu dute.

Ane Beitiak azaldu zuenez, Udalak hasieran 60 bat ekitaldi antolatu zituen "normaltasun berriak" ezartzen zituen irizpideetara egokituta, baina uztailean jaiak bertan behera utzi eta haietarako zegoen dirua gizarte-politiketara zuzentzea erabaki zuten. Hala ere, hiru kultur erakusketa antolatu zituzten: Eduardo Arrillagaren Photo kalean, Kirol Argazki Lehiaketari buruzkoa, eta erraldoi eta buruhandiena. Hirurak “oso arrakastasuak” izan direla nabarmendu zuten, baina aipamen berezia jaso zuen Photo kalean erakusketak. Eduardo Arrillagak berak esan zuenez sekula sentitu ez duen esker ona eta miresmena sentitu ditu aurtengo erakusketarekin, eta hunkituta agertu zen herritarrek erakutsi dioten babesarekin. Kirolari dagokionez, bi pilota partida jokatu zituzten Ikastolako frontoian, ikusleen edukiera mugatuta. Giro polita izan zela adierazi zuten agintariek. Bukatzeko, aparteko liskarrik ez dela egon azaldu zuten.

∞Lotura duten albisteak: