Eduardo Arrillaga: "Txiki Eguneko argazkiak ateratzea izan da bizitzan egin dudan lanik zailena"

Barren.eus 2020ko uzt. 30a, 15:42

, sokamuturraren eta Txiki Egunaren izpiritua bizirik mantenduko ditu Eduardo Arrillaga (Elgoibar, 1966) argazkilariak jai egunak izan beharko luketen horietan. Photo kalean argazki erakusketa estreinatuko du abuztuaren 23an, eta irailaren 7ra arte egongo da ikusgai erakusketaren izenak dioen moduan, kalean.

2001ean argitaratu zuen sokamuturrari buruzko liburutik ateratako argazkiekin eta argitalpen haren ondorengo urteetan egindako beste argazki batzuekin osatu du erakusketa, eta sokamuturraren ibilbidean zehar jarriko ditu ikusgai, gehienak argazkia bera ateratako leku berean. Horrez gain, hemendik bizpahiru urtera estreinatuko duen Txiki Egunari buruzko bildumako aurrerapen txiki bat ere erakutsiko du zortzi argazkitan, Errosario kalean. Argazki guztiak 2 x 1,33 metroko neurrian inprimatu ditu, eta seguru ez direla oharkabean pasatuko.

 • Zer ikusiko dugu Photo Kalean erakusketan?
Sokamuturreko eta Txiki Eguneko argazkiak jarriko ditut. 30 argazki izango dira guztira, 22 sokamuturrekoak eta 8 Txiki Egunekoak. Txiki Eguneko lana oraindik ez daukat bukatuta, baina etorriko den lan horren aurrerapen bat jarriko dut ikusgai Errosario kalean. Kalearen zabalera osoa hartuko dute argazkiek, eta balkoi batetik bestera zintzilikatuko ditugu. Gainerako argazkiak sokamuturrari buruzkoak izango dira. 2001ean argitaratu nuen Sokamuturra argazki bildumatik ateratakoak dira erdiak, eta beste erdiak berriak izango dira. Liburua argitaratu ostean beste pare bat urtez jardun nuen argazkiak ateratzen, eta bi urte horietako zenbait argazki ere jarriko ditut ikusgai, baina gehienak orain dela 25 bat urte ateratakoak dira. Hala ere, ez dute egunerokotasunik galdu, argazkiak bizirik daude gaur egun ere, eta horrek erakusten du argazkiak onak zirela. Argazki guztiak tamaina erraldoian inprimatu ditugu, 2 x 1,33 metroan. Izugarria! Sekula ez ditut nire argazkiak horren handi ikusi, eta sekulakoa iruditu zait.

 • Nola bururatu zitzaizun kalean eta tamaina erraldoian jartzea argazkiak?
Konfinamenduan izan zen. Urteak daramatzat herri desberdinetako festa zoroetan argazkiak ateratzen; festa berezietan, izaera handiko egunak direnetan: Tomatina, Txiki Eguna, Ardoaren Festa... Konturatu nintzen festa horiek guztiak bertan behera lagatzen ari zirela koronabirusagatik, sanferminik ez zela egongo iragarri zuten, eta sanbartolomeekin ere gauza bera gertatu zitekeela pentsatu nuen. Sokamuturra eta Txiki Eguna ez zirela ospatuko nahiko argi ikusi nuen, eta hutsune hori betetzeko zerbait egitea bururatu zitzaidan. Jesus Mari Sarasua, Aitor Zabala, Felix Astigarraga eta nire emaztea [Esmeralda Zapparoli] bildu nituen talde batean nire asmoaren berri emateko, eta denek esan zidaten sekulako ideia zela. Nire lehenengo asmoa sokamuturreko argazkiak erakustea izan zen, Txiki Eguneko lana oraindik amaitu gabe daukadalako, baina aholkulari taldekoek esan zidaten polita izan zitekeela lan horren aurrerapen moduko bat egitea. Zortzi argazki bakarrik erakutsiko ditut. Errosario kalean ateratako argazkiak izango dira, eta han bertan kokatuko ditugu argazki horiek, Txiki Eguneko puntu gorena kale horretan bizitzen delako. Erakusketa honen helburua jaien izpiritua bizirik mantentzea izan da. Nolabait esateko, herritarrei egoera berri honek eragindako estresa arindu nahi nien. Badakit nire erakusketak ez dituela benetako jaiak ordezkatuko, baina jaiak gogoan izateko balioko du. Argi laga nahi dut elkarlanaren ondorioa izan dela lan hau. Argazkiak nireak dira, baina erakusketaren antolakuntzan talde guztiak hartu du parte, Udalak ere bai, jakina.

 • Non eta nola jarriko dituzue argazkiak?
Getxon egiten duten moduan kalean egitea bururatu zitzaidan. 2010ean nire argazki batzuk jarri zituzten Getxon eta izugarri gustatu zitzaidan. Ideia hartan oinarritu dugu Elgoibarko erakusketa. Santa Ana kaletik Maalara bitartean sokamuturreko argazkiak egongo dira, eta gehienak, argazkia bera ateratako leku berean jarriko ditugu. Sokamuturreko ibilbidea ixteko erabiltzen diren burniak erabiliko ditugu argazkiak kokatzeko. Felix Astigarragaren laguntza izan dut horretarako. Zaragozako Utebo herritik ekarri zuen sokamuturreko ibilbidea ixteko ideia Felixek. Han ere sekulako sokamuturra egiten dute, eta hango itxituretan oinarrituta, Elgoibarren ere segurtasuna areagotzeko neurriak hartu zituzten. Burni horiek erabiliko ditugu nire argazkiak kokatzeko. Lan asko egin ditut nire ibilbidean zehar, baina hau oso berezia izango da. Argazkiak tamaina handi horretan ikustea izugarria izango da.

 • Txiki Egunari buruzko erakusketa prestatzen ere ari zara. Noizko ikusiko dugu bilduma hori?
13 urte daramatzat Txiki Eguneko argazkiak ateratzen, eta beste bi edo hiru urtetan bukatuko dudala uste dut. Nik sekula ez dut nahi izan Txiki Eguneko argazkiak ateratzea. Niretzat Txiki Eguna festarako eguna izan da betidanik. Lagunekin irten, ardoz zikindu eta festa bizitzea gustatzen zait, eta banekien kamerarekin irteten nintzen egunean hori guztia galdu egingo nuela. Eta sokamuturrarekin ere gauza bera gertatu zitzaidan. Sokamuturra eta Txiki Eguna bizi egiten ditut, izugarri gustatzen zait bi ekimen horiek barrutik bizitzea eta gozatu nahi nuen, ez argazkiak ateratzen ibiltzea. Baina konturatu nintzen gauza pila bat ikusten nituela, eta sentitu nuen sokamuturrean eta Txiki Egunean gertatzen ziren gauzak jendeari erakutsi behar nizkiola. Merezi zuela jendeak han sentitzen zena ikustea. Sokamuturrarekin hasi nintzen lehenengo: zezena xaxatzeari utzi, eta argazki kamerarekin irteten hasi nintzen zezenera. Ordurako banekien zezenaren aurrean ibiltzen, eta horrek asko lagundu zidan argazkiak ateratzen. Hamar urtez jardun nuen sokamuturrean argazkiak ateratzen, eta 2001ean argitaratu nuen liburua. Hala ere, oraindik gauza batzuk geratzen zitzaizkidan ateratzeko eta beste bi urtez jardun nintzen lanean. Ordurako prestatuta nengoen Txiki Eguneko lanari ekiteko, baina beste urte batzuetan jarraitu nuen festaz gozatzen, eta 2007an hasi nintzen lanean. Gauzak nik nahi bezala irteten badira, bizpahiru urte barru bukatuko dut.

2020 07 29 eduardo arrillaga argazkiak txiki eguna errosario kalean

 • Sokamuturreko ala Txiki Eguneko argazkiak ateratzea da zailagoa?
Txiki Eguneko argazkiak ateratzea izan da bizitzan egin dudan lanik zailena. Jendeak pentsa dezake zezenari argazkiak ateratzea zailagoa izan daitekeela, baina ez da horrela. Zezenean ibiltzen dakienak, badaki zezenak nola jokatzen duen, eta nik banekien zer egin behar nuen argazkiak lasai ateratzeko: Batetik, zezenaren aurrean kokatu behar nuen, argazkiak atzetik ateraz gero, jendea bakarrik aterako nuelako. Bestetik, gertu egon behar nuen, eta horretarako modu bakarra zezena ez xaxatzea da. Korrikalariek xaxatzen dute zezena, orduan ni geldi-geldi egonda banekien ez zidala ezer egingo. Txiki Eguneko lana askoz zailagoa da, zezenak argazkilaria errespetatzen duelako, baina jendeak ez. Nik ez ditut argazkiak balkoietatik ateratzen, jende artean murgiltzen naiz, eta batzuetan tente egotea ere kosta egiten zait. Baina Txiki Egunaren esentzia transmititzeko ezinbestekoa da jendeak sentitzen duena sentitzea.

 • Izan al duzu istripurik argazkiak ateratzen?
Bai, sokamuturrean hartu izan ditut kolpeak. Despisteren bat izatea erraza da une horietan, eta hain gertu ibilita normala da tarteka kolperen bat hartzea. Baina zorionez ez dut ezer larririk eduki. Sokamuturraren ibilbide guztia egiten nuen, hasieratik bukaerara, baina tarteka leku konkreturen batean kokatzen nintzen geldi, zezena etorri arte, zain. Ez nituen korrikaldi guztiak egiten, eta konturatu nintzen gauzak galtzen nituela itxarote horretan. Demagun Kultur Etxe aurrean egoten nintzela zain, eta esaten zidan batek ikusi duzu plazan zer gertatu den? edo, Errosario kalekoa harrapatu duzu?. Sei urteren ondoren, entrenatzen hasi nintzen, zezenari jarraitu ahal izateko. Atletismoan ibilitakoa naiz, eta sprintean ibili ahal izateko entrenamenduak egiten hasi nintzen. Sokamuturrari eskaini nizkion azken lau urteetan fisikoki topera nengoen, eta korrikaldi guztiak egin nituen zezenaren aurrean. Hasierako urteetan argazki kamerak traba egiten zidan, baina gero ikasi egin nuen kamerarekin ere korrika egiten. Azken urteetan bilduma osatzeko falta zitzaizkidan detaile txiki pila bat erretratatzea lortu nuen. Txiki Egunean ere balkoitik atera daiteke jende multzoa, masa, baina hori argazki bat da, ez da lanaren muina. Horregatik sartzen naiz txaranga barrura. Jendeak ez dauka intentzio txarrik, baina Txiki Eguna horixe da, eta horrek asko konplikatzen du nire lana. Argazki asko mugituta ateratzen zaizkit, desenfokatuta, edo lausotuta... Horregatik hurrengo urteetan saiatzen naiz argazki horiek errepikatzen, baina oso-oso zaila da.

 • Zenbat argazki kamera hondatu zaizkizu urte hauetan?
Txiki Egunean uste dut bakarra hondatu zaidala. Zezenean, gehiago; bi edo hiru bai. Zezenak kolpea eman eta lurrera erortzean puskatu izan zaizkit. Txiki Egunean balkoi batetik ura bota zuen batek den-dena niri bota zidan, baina zorionez, ez zen ura karretera iritsi. Ibaian sartu nintzen beste batean Erreka Jaitsierako argazkiak ateratzera eta zulo batean sartu nintzen. Blai geratu nintzen goitik behera, eta kamera ere busti zitzaidan erabat. Errekatik irten eta berehala joan nintzen etxera argazkiak errebelatzera, eta ordurako pelikula hondatzen hasia zegoen. Karreteko izkin guztiak puskatu ziren, baina erdiko zatia ondo geratu zen. Une hartan nire buruari promesa bat egin nion: argazki haiek berreskuratzen banituen sekula inoiz nire bizitzan egingo ez nukeen zerbait egingo nuela: San Pedrora bizikletaz igoko nintzela pentsatu nuen. Sekula ez nintzen bizikletan ibiltzen eta zorakeria iruditzen zitzaidan San Pedroraino bizikletaz igotzea, baina argazkiak salbatu zirenez, promesa bete behar izan nuen. Inork ikusten ez ninduen egun batean bizikleta hartu, eta joan nintzen! Errebentatuta iritsi nintzen, baina bete nuen nire promesa.

2020 07 29 eduardo arrillaga argazkiak txiki eguna arrebana

 • Sokamuturrari hamar urte eskaini zenizkion eta Txiki Egunari momentuz 13. Milaka argazki izango dituzu dagoeneko. Nola egiten duzu gero erakusketarako argazkien aukeraketa?
Erakusketa potente bat egiteko 80-100 argazki behar izaten dira. Elgoibarko Kultur Etxerako horren erdiarekin nahikoa izango nuke, aretoa txikia delako, baina lan txukun batek esaten ditu 100 argazki inguru. Txiki Egunekoak dagoeneko 160 ditut aukeratuta, baina oraindik une batzuk falta zaizkit eta ez dakit lortuko dudan nahi dudan guztia ateratzea. Baina jendeak hori ikusi egin behar du, sekulakoa izango da Txiki Egunari buruzko bilduma, Txiki Eguna bera ere sekulakoa delako. Txiki Egunera etortzen diren kanpotar guztiak txundituta geratzen dira festa honekin.

 • Festa zoroak erretratatzen ari zarela esan duzu. Zeintzuk? Eta argazki horiekin zer egiteko asmoa duzu?
Txiki Egunarekin hasi nintzen, eta poliki-poliki beste herri batzuetako jai zoro horietara joaten hasi nintzen. Buñolen (Valentzia) egiten den Tomatina izan zen aukeratuetako bat. Buñol Elgoibarren antzerako herria da. Santa Ana kaletik Maala arteko eremu batean kamioi bat irteten da jendeari tomatea botatzen. 26.000 pertsona biltzen dira, eta sartzeko tiketa behar da. Urte batean berandu iritsi nintzen eta ezin izan nintzen eremura sartu, baina bertako bizilagunekin egon nintzen hizketan, eta pista pila bat eman zizkidaten argazkiak ateratzeko. Haroko ardoaren jaia ere ateratzen dut, Alacanteko Ibi herriko irinaren festa, Gran Canarian egiten duten putzuko jaia... Jai zoro asko daude, batzuk ezagunak eta beste asko ezezagunak, baina bakoitzak bere xarma dauka eta horiek jaso nahi nituzke argazki bilduma dotore batean. Hamar bat festa dauzkat begiz jota, eta bakoitzeko onenarekin liburu on bat egin nahi nuke. Estresa albo batera utzi eta erokeriak egiteko aukera ematen duten festa horiek izugarri gustatzen zaizkit.

 • Kamera analogikoarekin hasi zinen, eta orain digitala erabiltzen duzu. Zein duzu nahiago?
Analogikoak kalitate gehiago ematen du. Hasierako urteetan analogikoa erabiltzen nuen eta ez dauka digitalarekin zerikusirik. Digitalean askoz argazki gehiago ateratzen dira, baina ez dira hain onak. Analogikoan askoz gehiago pentsatzen genuen klik egin aurretik. Gaur egun, baina, ez dauka zentzurik analogikoan lan egiteak. Askoz garestiagoa da, eta, gainera, argazkilaritzaren mundua digitalera bideratuta dago.

2020 07 29 eduardo arrillaga argazkiak txiki eguna 1

 • Argazkilari zara afizioz, baina tabernari ofizioz. Zaila al da argazkilaritzatik bizimodua egitea?
Nik lan egiten dudan moduan ezinezkoa da argazkilaritzatik bizitzea. Nik gai oso zehatzak aukeratzen ditut eta urte pila bat eskaintzen dizkiot gai bakoitzari. Hori ordaintzerik ez dago. Tarteka lehiaketaren bat irabazten dut edo argazkiren bat saltzen dut, eta lortzen dudan diru apurra berriz ere argazkigintzan inbertitzen dut. Argazkilaritzan lan egiteko aukera bakarra gaur egun ezkontzak eta jaunartzeak erretratatzea da, baina nik ez dut hori nahi. Sasoi batean ibili nintzen horretan Bartzelonan nire emaztearekin, eta gerora hemen ere aritu ginen, baina ez zitzaigun errentagarria irteten. Ezkontzetako lana eta tabernakoa ezin genituen uztartu, eta erabaki genuen gehiago ez egitea. Gainera lan monotonoa iruditzen zitzaidan, argazki guztiak berdinak ziren, nahiz eta protagonistak aldatu, eta horrek azkenean sormenari eragiten dio. Niretzako afizioa baino gehiago pasioa da argazkilaritza, eta sormena lantzea gustatzen zait. Bizitza guztia eskaintzen diot honi. Etxean gela bat daukat argazkientzako bakarrik, eta nire artxiboa handitzen doa etengabe.

 • Aurrera begira zein proiektu dituzu eskuartean?
Txiki Eguneko bilduma eta gainontzeko festak, batetik, eta landa munduko argazkien erreportajea, bestetik. Landa eremuko ohiturak jasotzen dihardut azken 25 urteotan eta hori ere oraindik bukatu gabe daukat. Konfinamenduan Ameriketako Estatu Batuetako lehiaketa batera aurkeztu nuen bilduma horretako argazki bat eta saritu egin ninduten. Tarteka sariak jasotzeak ilusio handia egiten dit.

2020 07 29 eduardo arrillaga argazkilaria elgoibar 2014